Berririk deus ez dagoela uste du Nafarroako Gobernuak, «hauteskunde estrategia» hutsa dela ETAk su-etena aldarrikatzea. Hala adierazi du Javier Caballerok, Nafarroako Gobernuko presidenteordeak. Batasuna bozetan egotea da guztiaren xedea, haren arabera. «Ez da berria hori, pausoak iragartzea hauteskunde prozesu bat hurbiltzen ari denean, haietan egon ahal izateko».
ETAren agirian «zaharrak berri» dira, Caballeroren ustetan. «Betiko erretorika eta hitz-jarioa besterik ez da». ETAk jardunean jarraitzen duela ohartarazi du Nafarroako Gobernuak, oraindik ere estortsioak egiten segitzen duelakoan. «ETA desegin, armak eman eta desagertzen ez den artean, ETA eta Batasuna terrorista izango dira». Hori dioen adierazpena soilik nahi dutela, hala errepikatu du Sanzen gobernuko presidenteordeak.
Alderdi politikoei eta Espainiako Gobernuari begira jarri da Caballero. ETAk iragarritako su-etena «iruzurra» besterik ez dela ohartarazi die: «Zuzenbide Estatua ezin da erori horretan, eta ez du horrelakorik egingo». Hala, bat eginda jarraitzeko eskatu die alderdi politikoei: «Zuzenbide Estatuaren sendotasunaren ordua da, eta Justiziarena eta Poliziarena. Alderdien batasunaren garaia da, hau beste manipulazio bat besterik ez baita».
ETAren su-etena. Erreakzioak
«Hauteskunde estrategia» ikusi du Iruñeko gobernuak meniaren atzean
Berririk ezer ez dagoela adierazi du Caballerok, eta batuta segitzeko eskatu die alderdiei, agiria «iruzurra» delako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu