MAIORGA RAMIREZ
Bilduko legebiltzarkidea«Hauteskundeetara berehala deitzea da aukera erreal eta eraginkor bakarra»
Nafarroako Gobernuaren hausturak ezegonkortasuna areagotuko duela iritzi dion arren, Bilduren bozeramaileak uste du egoera hori aspalditik datorrela, eta UPN eta PSN gobernuan daudenetik dela egoera «ezin okerragoa». Orain, gobernua hautsi ondoren, egoera iraultzeko «aukera erreal eta eraginkor bakarra» hauteskundeetara berehala deitzeadela dio.
«Nafarroarentzat politikoki, ekonomikoki eta sozialki ezin okerragoa izan den urte oso baten pilaketa da UPN eta PSNren gobernuaren haustura», adierazi du Ramirezek. Herritarrei bizkar emanda gobernatzea egotzi die, eta «Nafarroako historian izan diren murrizketa sozialik handienak» gauzatzea. «Porrot egin duen gobernu baten amaieran gaude; Nafarroa hondamenera eraman duen gobernuarenean».
Bilduko legebiltzarkideak uste du Nafarroak herritarren gehiengoaren nahia bideratuko duen gobernu sendo bat behar duela orain, «PPren murrizketei aurre egingo dien» gobernu bat. «Gizartean eratzen ari den eta herritarrek amesten duten aldaketa politikoa instituzioetara eramango duen gobernu bat behar dugu», adierazi du.
«Adabakiek» dagoeneko ez dutela lekurik ohartarazi, eta nabarmendu du hauteskundeak aurreratzea dela aukera bakarra.
PATXI ZABALETA
NaBaiko legebiltzarkidea«Zuzendu behar den gobernua da; ordezkatu behar dena»
Etorkizunean etor daitekeenari buruzko kabalarik ez duela egin nahi esan du Zabaletak. «Nafarroak duela urtebete botoekin erabaki zuenarekin bat datorren gobernuarekiko ardura erakutsi nahi dut soilik; gobernu progresista batetikoa, ezkerreko lehentasunak izango dituena, eta gobernu honek zein aurrekoek izandako bidea zuzenduko duena».
UPNren eta PSNren gobernua orain arte ezegonkorra zenez orain ere ezegonkortasun horri eutsiko diotela ohartarazi du Zabaletak, eta ondorio bat atera du: «Zuzendu behar den gobernu bat da, ordezkatu egin behar dena». Hala ere, esan du ez duela plazaratu nahi aukerei buruzko iritzirik; «are gutxiago epe laburrera begira».
Koalizioko gobernua izan denari buruz, berriz, aspalditik hondoratzen ari zela esan du, eta «sekula» ez zuela existitu behar: «Atzera egin dugu gai ekonomikoetan, laboraletan, sozialetan eta elkarbizitzari dagokionez». Ekonomikoki Nafarroa «zulo oso kezkagarrian» utzi duela salatu du NaBaikoak; egoera «jasangaitza, hondamenezkoa» utzi duela. Eta ez ekonomiari dagokionez bakarrik. Arlo guztietan «desorekak» besterik ez duela eragin aurpegiratu dio gobernuari; Yolanda Barcina presidenteari, berriz, horren arduradun nagusia izatea. «Bestelako gobernu bat behar dugu», ondorioztatu du.
UXUE BARKOS
Geroa Baiko legebiltzarkidea«Beharrezkoa da gobernuakbenetako kontuak azaltzea»
Nafarroaren egoera ekonomikoak du bereziki arduratua Uxue Barkos, eta kontuak argitzeko premiaz ohartarazi du: «Behar-beharrezkoa da Yolanda Barcinaren gobernuak azaltzea zeintzuk diren gobernuaren benetako kontuak, zein proposamen egingoduen gobernuak egoera honi irtenbidea emateko, eta hemendik aurrera zer-nolako neurriak hartuko dituen».
Geroa Baikoak uste du «zaila» dela jakitea zer etorriko den hemendik aurrera eta zehaztea zein pauso eman daitezkeen, eta haren iritziz lehentasunezkoa den horretan indar egin du: nora jo jakin aurretik «mahai gainean benetako datuak izatea».
JOSE MIGUEL NUIN
Izquierda-Ezkerrako legebiltzarkidea«Barcinaren gobernuak jadaez du zilegitasun politikorik murrizketak egiteko»
Nafarroako Gobernuaren «krisiaren» ondoren «edozer» da posible, Jose Miguel Nuinen ustez: «Hauteskundeak aurreratu daitezke, zentsura mozio bat egon daiteke, edo UPN-PSN ituna errepikatu daiteke».
UPNri ohartarazi dio jadanikez duela Nafarroako Parlamentuaren konfiantzarik: «Barcina UPN eta PSNren botokin aukeratu zuten presidente, eta, beraz, hausturak esan nahi du parlamentuak dagoeneko ez diola konfiantza politikoa ematen ez gobernu horri, ez Yolanda Barcinari».
Eta horrek berebiziko garrantzia du Ezkerrakoarentzat: «Atzora arte, koalizioa lanean ari zen kolpe basati bat emateko gizarte politiken, hezkuntzaren eta osasunaren aurka, baina Barcinaren gobernuak galdu egin du datozen egun eta asteetan murrizketa horiek ezartzeko behar duen konfiantza; jadanik ez du zilegitasun politikorik hori egiteko».
Nuinek esan du ez dagoela jakiterik hemendik aurrera zer etorriko den, baina badakiela bere alderdiak —Izquierda-Ezkerrak— zer egingo duen: «Beti egon garen lekuan egongo gara, krisiaren irtenbide justu eta sozial baten alde, dugun krisi-iruzur hau ez dezaten osasunak, hezkuntzak, langileek eta herritarrek ordaindu; iruzur sozial hau eragin dutenek ordain dezaten».
ENRIQUE MARTIN DE MARCOS
PPNko presidentea«Leialtasunik eza dagoenean, Barcinaren erabakia hartzea beste aukerarik ez dago»
Nafarroako Alderdi Popularrak babestu egin du Yolanda Barcinaren erabakia, goitik behera; Roberto Jimenez presidenteordea kargutik kendu izana begi onez ikusi du: «Desleialtasun keinuak daudenean, Barcinak hartutako erabakia hartzea beste aukerarik ez dago».
Enrique Martin de Marcosek ohartarazi du gobernuburu batek ezin duela bere begietako kide gisa izan konfiantzarik ez duen norbait. «Erakunde batean, ez duzunean konfiantzarik zure jendearengan eta desleialtasun keinuak daudenean, gobernuko presidenteak bere kargua baliatuta hartu duen erabakia gauzatzea besterik ez dago».
Orain «edozer gauza» gerta daitekeela dio PPNkoak: «Yolanda Barcinak gutxiengoan gobernatu dezake, parlamentua desegitea proposa daiteke, edo zentsura mozio bat ere bai. Orain, jokaleku guztiak mahai gainean daude». Edonola ere, erabakia gobernuaren esku dagoela nabarmendu, eta gobernua laguntzeko prest azaldu da PPNkoa, «egonkortasuna» izan dezan.