Hauteskunde Legearen aldaketa onartu du Kongresuak

PSOEren eta PPren zuzenketa bati esker, 'herriko tabernak' itxi ahal izango dira «kautelazko» neurri gisa

Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleari bozetan parte hartzeko aukera gehiago zailduko dion Hauteskunde Legearen erreforma onartu zuen herenegun Espainiako Kongresuak. PSOEk eta PPk bultzaturikolege aldaketak bi alderdi horien babesa ez ezik, UPD, CC eta UPNren a ere jaso zuen. EAJk, ERC-IU-ICVk, BNGk eta Nafarroa Baik, berriz, kontra bozkatu zuten, eta CIU abstenitu egin zen. Lege erreforma onartuta, maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan egoteko zirrikitu txikiena ere itxi nahi diote ezker abertzaleari.

Luzea izan da hauteskunde legearen erreformaren tramitazioa, eta azken ordura arte aldaketak egin dituzte taldeek. Hala, joan den astean Senatuan egindako bozketan, PSOEk eta PPk proposatutako zuzenketa berria gehitu zitzaion. Onartutako zuzenketarenarabera, epaileek ikerketak martxan dituztenean herriko tabernak ixteko aukera izango dute, «kautelazko neurri gisa»,eta, horretarako, zigor kodea aldatu egingo dute.

Lege erreforma ez ezik, azken orduan sartutako zuzenketa ere kritikatu dute hainbat taldek. EAJko diputatu Aitor Estebanek salatu du Alderdien Legean sakontzen duela onartutako lege erreformak, eta, gainera, Konstituzioa urratzen duela. Halaber, esan du erreforma horrekin hauteskundeen osteko egoera «manipulatuko» dela.ERCko Joan Ridaoren ustez, Espainiako Gobernuak egoerak eskatzen duen mailan jokatu beharko luke, ezker abertzalea mugitzen ari delako. PSOEk eta PPk, ostera, ezinbestekotzat jo dute ezker abertzaleari«zirrikitu» guztiak ixtea.

Ezker abertzaleari hauteskundeetara aurkezteko aukera mugatzeaz gain, bozen ondoren, hautetsi izendatutakoei karguak kentzeko aukera zabaltzen du legeak. Hau da, alderdi bat debekatuz gero, alderdi horren zerrendetan dauden hautetsiei kargua kenduko zaie, haiek ez badute hamabost eguneko epean indarkeria gaitzesten. Halaber, hauteskundeetako zerrendak baliogabetzeko epea hamalau egunera luzatuko da, eta, ondorioz, hauteskunde kanpainaren erdian erabaki ahal izango da zerrendak baliogabetzea. Areago, Auzitegi Konstituzionalak bozen kanpainaren azken eguna arte hartu ahalko du hautagaitzak baliorik gabe uzteko erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.