Hauteskundeak aurreratu ditzala eskatu diote oposizioko alderdiek Patxi Lopezi

EAJk zentsura mozioa aurkeztea baztertu du, eta ezker abertzaleak dio Lopezek ez diela erronkei aurre egin

joxerra senar
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Behin Antonio Basagoitik akordioa hautsitzat emanda, oposizioko alderdiek eskaera bera egin diote Patxi Lopez EAEko lehendakariari: hauteskundeak lehenbailehen aurreratu ditzala. EAJk baztertu egin du zentsura mozioa aurkezteko aukera. Ezker abertzaleak, berriz, «argi ikusten du» legebiltzarra desegin eta bozak aurreratu behar direla. Aralarrek eta EAk ere hauteskundeak berehala aurreratzeko exijitu diote, eta, Ezker Anitzaren arabera, hauteskundeei begira Basagoitik egindako «kalkulu argi eta garbi» bati erantzuten dio itunaren hausturak.

Jose Antonio Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiaren ustez, Lopez Eusko Jaurlaritzako buruzagi gisa politikoki «hilda» dago. «Zorionez, ematen du herrialde honek galdutako hiru urteok amaitu direla», esan du, eta gaineratu du gobernua «agortuta» dagoela. «Prentsaurrekoen, argazkien eta itxurakerien gobernua amaituta dago. Gobernu hau jada hilda dago». Josu Erkoreka EAJren Espainiako Kongresuko eledunaren irudiko, Lopezek du bozak aurreratzeko giltza, egungo osaerarekin ez baitu bideragarritzat jotzen EAJk zentsura mozioa aurkeztea. Erkorekak aurreratu duenez, EAJ Lopezen gobernuaren gaineko konfiantza galdegiteko prest dago.

Bere analisia egitean, Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko ordezkariak lehenik eta behin gogora ekarri du «bazterketa politikoan» oinarrituta osatu zela legealdi honetako legebiltzarra. «EAEko errealitatearen ispilu desitxuratua da legebiltzarra». Ugartebururen ustez, «Lopezen gobernua ez da gai izan Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbide prozesuak eskatzen duen tamainako parte hartzea izateko». Era berean, krisi ekonomikoak eskatzen duen eraldaketari benetan ekiteko «borondaterik gabe»ikusten du gobernua.

Ildo beretik, Juanjo Agirrezabalaren ustez, zilegitasun faltan oinarritutako Eusko Jaurlaritza jada amaitutzat eman liteke. «Hasierako bekatu horrek egunetik egunera Lopezen kudeaketa higatu du. Komenientziazko ezkontza honetan, PPk artifizialki eutsi dio gobernuari. Behin babesik gabe geratu ostean, argi dago herrialdeko hirugarren indar politikoak ezin duela eta ez duela gobernatu behar».

EAko legebiltzarkidearen ustez, «ez dago arrazoi bat bera ere» Lopezek legealdia luzatzeko. «Euskal gizarteari kalte egiteko baino ez luke balioko, Lopezek erakutsi egin duelako berriro ez duela proiekturik eta ez dakiela nola aurre egin ziklo politiko berriari». Agirrezabalaren arabera, «Lopezek badaki bere denbora bukatu egin dela. Basagoitik berak oso argi utzi dio». Hala, uste du hauteskundeak aurreratzea beste irtenbiderik ez duela.

Aralar: «Zilegitasun gabe»

Aralarrek, berriz, «larritzat» jotzen du Lopezek bozak aurreratu ez izana. «Lehendakariak bizkarra eman dio gizarteari, eta agerian uzten du bere helburu bakarra legebiltzarra interes alderdikoien alde erabiltzea dela». Aralarren ustez, PPrekin zuen ituna hautsi eta «bere babesle nagusia galdu ostean, ez dauka gobernuan jarraitzeko eta legeak egiten jarraitzeko zilegitasunik».­

Mikel Arana Ezker Anitzako eledunaren arabera, Basagotiren kalkulu bati erantzuten dio erabakiak: «Basagoitik uste badu jada ez zaiola errentagarri ateratzen Lopezi babesa ematea, hark ikusiko du, baina inork ez dezala esan ezkerrera bira egin duela», adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.