Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideari egindako elkarrizketa liburua argitaratuko du Gara egunkariak irailaren 28an, espetxean den politikariaren azken urteetako ibilera biltzen duena. Liburuaren zati batzuk aurreratu zituen joan den igandean; tartean, ETAren biktimei egindako barkamen eskaera. Geroztik, erreakzio ugari eragin dute Otegiren hitzek. Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusi Patxi Lopezek «ongietorria» egin dio Otegiren barkamen eskaerari, baina gaineratu du «berandu» datorrela. Gainera, hauteskunde kanpainan eragiteko saioa ikusi du Lopezek Otegiren hitzetan. EAEko PPko presidente eta lehendakarigai Antonio Basagoiti ere zentzu berean mintzatu da, eta Otegiren hitzak «mozorroa» baino ez direla ohartarazi du. Iñigo Urkullu EAJren EBBko buru eta lehendakarigaiak, berriz, Otegiren hitzak «zintzoak» izateko esperantza agertu du, eta euskal preso guztiei eskatu die «iraganaren irakurketa kritikoa» egiteko.
Langraitz bidea esaten zaionari jarraitu zioten presoei buruz ari zela, Urkulluk esan du Otegik arrazoi eman diela azken urteetan «damutze bidea» abiatu duten presoei: «Espero dut espetxean dauden 500dik gora presoek ere irakurketa kritikoa egitea, jendaurrean». EBBko buruaren ustez, horixe da egindako «okerrak eta izugarrikeriak» ez errepikatzeko bermea. Bide horretan, Espainiako Gobernuari eskatu dio bestelako espetxe politika bat ezartzeko «autokritika» hori egiten duten presoei.
Lopezek «ongietorria» egin zion Otegiren adierazpenari joan den igandean, baina azpimarratu zuen «hogei urte berandu» datorrela. Atzo, ordea, hauteskunde kanpainarekin lotu zuen Lopezek ezker abertzaleko kidearen eskaera, eta Otegiri buruz hizketan ez jarraitzeko deia egin zien gainerako alderdiei: «Espero dut ez ditugula egunak eta asteak emango Otegik esandakoaz hizketan; bestela, merezi ez dutenei kanpaina egiten ariko gara eta».
Eskaera EH Bilduri ere
EAEko Herrizaingo sailburu ohi eta PSE-EEko kide Rodolfo Aresek, berriz, Otegiren hitzak bere egiteko eskatu dio EH Bilduko lehendakarigai Laura Mintegiri. Izan ere, Aresen arabera, koalizio horren zati garrantzitsu batek —ezker abertzaleak, hain zuzen—, «biolentzia terrorista babestu ez ezik, beldurraren gizarteratzea deitu izan dena onetsi zuen».
Hauteskunde interesak leporatu dizkio Otegiri Basagoitik ere, baina haratago joan da: «Gizartearen arreta desbideratu nahi dute, ETAk erailez defendatu zuen proiektuan aurrera egiteko, independentzian eta sozialismoan». Gainera, Basagoitik salatu du «mozorro» hutsa dela barkamen eskaera: «Utz diezaiola zintzo aurpegia jartzeari, herritarrak ez dira-eta tontoak». Lopez ere kritikatu du PPko lehendakarigaiak, Otegiren hitzei «ongietorria» egiteagatik: «PPren babesa galdu zuenetik, bakearen domina jantzi nahian dabil, Batasunari keinuak eginez».
Pello Urizar EAko idazkari nagusiak salatu du Aresek eta Lopezek EH Bildu koalizioari eta Laura Mintegi lehendakarigaiari egotzi nahi dietela haien ardura ez dena: «EH Bilduk ez du zertan barkamenik eskatu, ez baitu inolako orban demokratikorik».Gainera, Urizarrek kritikatu du indarkeriaren gaia «demagogiaz» erabiltzea askotan: «Zuzenbide estatuan babestuta, pertsona batzuek oso ekintza larriak egin dituzte, eta horietaz inork ez du ardurarik hartu nahi izan», esan du, GALek egindako atentatuei buruz. Urizarrek gogorarazi du PSOEko idazkari nagusi Alfredo Perez Rubalcabak Jose Barrionuevo eta Rafael Vera —Marey kasuan bahiketagatik zigortuak— defendatu ere egin zituela, bi horiek espetxera joan behar izan zutenean.
Hauteskundeekin lotu dute PSE-EEk eta PPk Otegiren barkamen eskaera
Urkulluk Otegiren eskaera «zintzoa» izatea espero du; Lopezek ongietorria egin dio, «berandu heldu arren»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu