Hautetsiek diote hitzarmen berriak ez duela baztertu Lurralde Elkargoaren ildoa

Lurralde Elkargoaren oinarrian dauden zortzi eskumenen inguruan borrokatzera deitu du Bisauta Baterako kideak

Hautetsien Kontseiluak aho batez eskatu zuen Lurralde Elkargoa, Baionako Mintegian, duela urtebete. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2013ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Hautetsien Kontseiluak Lurralde Hitzarmena berritzeko eskatuko dio Frantziari, baina proposamena egin zuten hautetsien arabera, Lurralde Elkargoaren aldarria baztertu gabe.

Aipatu hitzarmena sei urterako da, eta abenduaren 31n bukatzen da. Estatua, Akitania eta Kontseilu Nagusiaren arteko hitzarmen horren bidez diruztatzen dira Ipar Euskal Herriko hainbat xede; horien artean, Euskararen Erakunde Publikoa edo Garapen Kontseilua. 250 eta 300 milioi euro artean ekarri zituen hitzarmenak. Alta, Pays egituran oinarritzen zen hitzarmena, eta egitura hori deuseztatzea deliberatu zuen Frantziako gobernuak. Hitzarmena berritzeko argitu beharko da zein egituratan oinarrituko den.

Larrialdiak hitzarmena arraberritzera bultzatu dituela dio Sylviane Alaux Hego Lapurdiko diputatu sozialistak. «Ipar Euskal Herrian abian diren egitura eta egitasmo gehienak hitzarmen horretan oinarritzen dira, eta ezin diogu uko egin; Lurralde Elkargoaren aldarria baztertu gabe, larrialdiko egoerari ihardetsi behar diogu, Ipar Euskal Herriaren garapena bermatzen duen oinarria, hitzarmena, bermatuz». Bide batez, hautetsien artean sortutako adostasuna txalotu du. Hautetsiek arduraz jokatu dutela azpimarratu du Alauxek.

Hala ere, hitzarmen berria eskatzean «samina» sentitu duela aitortu du. Eskumenak zehaztu beharko liratekeela erantsi du, eta horrekin batera, Garapen Kontseiluaren egitura bera egokia den edo ez aztertu beharko dela. Aldaketak egon ala ez, hautetsiek larrialdiaren aitzinean arduraz jokatu dutela uste du Alauxek.

Oskola eta mamia

Frantziako gobernuak Lurralde Elkargoa egitura gisa sortzea ez baldin badu onartu, Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak zerrendatu zituen zortzi eskumenak zehazturik daudela azpimarratu du Martine Bisauta Baionako hautetsi eta Baterako kideak. Egitura sortuko ez den arren, eskumen horiek hitzarmen berriaren negoziaketaren muina izan behar direla dio Bisautak. «Uste dut batzuek bultzatu nahi gintuztela hitzarmen berriari uko egitera, baina burugabekeria litzateke hori; dugun hitzarmena funtsezkoa da Ipar Euskal Herriaren erronkei buru egiteko, eta hitzarmen berriaren negoziaketa zehaztu ditugun eskumenetan oinarritu behar da».

Alta, Bisautaren iritziz arazo bat dago Hautetsien Kontseiluak egin duen proposamenaren oinarrian. Hautetsi gehienen agintaldia bukatzear da, datorren urteko udaberrian hauteskundeak egonen direlako. «Zentzuzkoa litzateke hauteskundeen ondotik ateratzen den asanblada berriak egitea eskaria, errealitate politiko berriaren argazki fidelagoa osatuko lukeelako».

Estatuaren, Akitaniaren eta Kontseilu Nagusiaren ordezkariak presente ziren biltzarrean eta Ipar Euskal Herriko hautetsien haserrea entzun dutela nabarmendu zuen Bisautak. Daniel Oltzomendi hautetsi abertzaleak gaineratu zuen biltzarrean argi eta garbi gelditu zela agerian Parisek Euskal Herriari erakutsi dion mespretxua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.