Hautetsiek eztabaida eskatu dute Nafarroako garraio ereduari buruz

Gaur proiektuaren kontra egingo den protestan parte hartzera deitu dute Nafarroako AHTaren aurkako hautetsiek

Erredakzioa
Iruñea
2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
AHT abiadura handiko trenaren egitasmoa alde batera utzi, eta lurraldeak behar duen garraio ereduari buruzko ikerketa eta eztabaida hasteko eskatu du Nafarroako Trenaren Aldeko eta AHTaren Aurkako Hautetsien Sareak. «Hautetsiok hondar koskor bat jarri nahi dugu bide horretan, ekarpena egin».

Gogorarazi dute sarea hamar hautetsik jarri zutela martxan, eta egun 200 inguru direla. «320 sinadura ere bilduta ditugu proiektuaren kontra». Gainera, azken asteetan 31 udaletan AHTa geratzearen aldeko mozioak onartu dituzte. «UPNko, PSNko eta PPNko hautetsi batzuek ere alde bozkatu dute zenbait herritan. Inflexio puntu bat da hori guretzat. Izan ere, frogatu da alderdien diziplinak bere mugak dituela».

Egungo krisi egoera kontuan hartuta, lehentasuna pertsonen eskubideei eta beharrei eman behar zaiela nabarmendu dute, ez AHTaren gisako proiektuei. «Kostu ekonomiko handia du, ingurumena txikitzen du, energia gastu itzela dakar, bidaiatzeko txartelak oso garestiak dira eta eskualdeetarako tren zerbitzuak bukatu egingo dira».

Hala, «zentzugabea» iruditzen zaie Nafarroako Gobernuak aurreko astean egindako iragarpena. Anai Astiz Sustapen kontseilariak jakinarazi zuen ekainean emango dituztela Castejon eta Cadreita arteko zatiko lanak. Hala, martxan egongo lirateke lehen zatiko lan guztiak. «Ezaugarri behineneko trena garrantzi eta tamaina handiko proiektua da Nafarroarentzat, Espainiarentzat eta Europarentzat», esan zuen Astizek. Lanek 40 milioi euroko aurrekontua dute, eta bi urte barrurako amaituta izatea espero du Nafarroako Gobernuak. Herenegun, gainera, Nafarroako Parlamentuak bazter utzi zuen Nafarroako AHTa gelditzeko eskatzen zuen mozioa. NaBaik aurkeztu zuen mozioa, eta Bilduk eta Ezkerrak babestu zuten. UPNk, PSNk eta PPNk aurka bozkatu zuten. NaBaiko bi parlamentari, Manu Aierdi eta Pablo Leuza, abstenitu egin ziren.

Halako iragarpenei eta bozketen aurre egiteko, gaur arratsaldean Iruñean egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dute AHTaren aurkako Nafarroako hautetsiek. Babesa azaldu diote protestari. Manifestazioa 18:00etan abiatuko da Gaztelu plazatik. ELA sindikatuakere parte hartzera deitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.