Daniel Oltzomendi. Udalbiltzako presidenteordea

«Hautetsiek, gizarteak abantaila dugu guhaur antolatzen bagara»

Udalbiltzak eta Euskal Herriko Laborantza Ganberak agerraldia eginen dute egun Ainhize-Monjolosen, Pirinioetako herriak laguntzeko xedea aurkezteko.

AITOR RENTERIA.
Aitor Renteria.
Uztaritze
2014ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Daniel Oltzomendi izuratarra da sortzez, eta Izurako auzapeza egun. Laborantza ikasketak egin zituen hastapenean. Pauen eta Poitiersen irakasle izateko ikasketak. Irakaslea da Baionan. Ipar Euskal Herrira itzulirik, Nafarroaz gaindiko autobide xedearen kontra borrokatu zen. Mugimendu abertzalearekin bat egin zuen orduan. «Ikusi nuen zer zen engaiatzea herriarendako». Hautetsi gisa, Udalbiltzan sartu zen, eta presidenteordea da egun. Euskal hedabideek Ahoan Bilorik Gabe saioan elkarrizketatu dute.

Udalbiltza gaur-gaurko gaia dugu. Udalbiltza zertan da gaur egun?

Instituzio bat da Udalbiltza non herriak eta hautetsiak elkarretaratzen diren. 1999an egin zen lehen urratsa, Euskal Herria gauzatzea helburu. Euskal Herria nazioa pentsatuz eta, pragmatikoki, proiektuak eginez. Indar handia hartu zuen. Denek dugu gogoanZuberoa laguntzeko prestatu zen diru zama, 400.000 eurokoa. Iparraldean, hastapenetik, ez da ontsa ulertua izan irudiz. Hautetsiak pentsatuz beti bertze nonbaitetik etortzen den tresna zela, bazterretik so egiten zuten. Ez zuten pilota punpan hartu. Domaia izanda. Badakigu nola den Espainian: zerbait martxan delarik Euskal Herrian, hura haustea dute gogoan. Lortu zuten Espainiako Justiziaren bidez.

Legez kanporatzea, eta zatiketa.

Udalbiltza legez kanpo utzi zuten, eta zatikatu zen. Hamar urte behar izan dira igurikatu zuritzeko. Egiten zuen lan interesgarria zuritu du Justiziak, baina mina egina zegoen. Badakigu nola den bizian. Hamar urtez galtzen delarik, zaila da berriz ere biltzea. 2013an bigarren fase bat hasi dugu, eta martxan gara. Hastapena da. Antolatzen ari gara, eta orain ditugu lehen proiektuak plantan ezartzen.

Hastapenean alderdi abertzale oro biltzen zituen.Lortuko da berriz?

Oraindik ez dira barne, baina deialdia hor da, lanean aritzeko, biltzeko abertzale eskuindarrak, ezkertiarrak. Abertzale guztiak baino gehiago ere gomitatuak dira. Gure lurraldeetan zerbait egin nahi badugu, hurbil diren instituzioekin aritu behar gara. Instituzio bat gara, eta haiekin lan egin dezakegu. Espero oztopo horiek desagertuko direla eta emeki-emeki hautetsiek, gizarteak, denek ikusiko dugula abantaila dugula guhaur antolatzen bagara. Udalbiltza tresna eder bat da.

Iparraldeko hautetsi anitzek ez zuten ulertu Udalbiltza. Nola alda?

Pedagogia egiten delarik, ez dakizu noiz heldu diren emaitzak. Entzun nahi ez duenak ez du sekula eginen. Eskua luzatzen dugu, etanahi duena sartzen da dinamikan. Gauza anitz aldatu dira Euskal Herrian. Bake prozesu batean gaude, eta giro onean gauzak antolatzeko. Gaineratekoak estakuruak dira.

Diru-emaile gisa ikusi dute anitzek. Irudi hori hautsi nahi duzue?

Bortxaz hautsiko dugu. Lehen bazen diru gehiago, baina orain krisialdia da denean, eta diru gutxiago. Baina ez da dirua garrantzitsuena proiektu horretan, baizik eta zer diren eta nola laguntzen diren xedeak. Diru zamak ttipiagoak izanen dira proiektuak bultzatzeko, beharko da tokiko nahia. Udalbiltzak eginahalak eginen ditu herri txikietan edo baldintza txarretan dauden tokietan.

Nazio ikuspegia du Udalbiltzak. Lehentasunak eta xedea eraikitzeko prozedura nola hautatu dituzue?

Gaur aurkeztuko dugu Ainhize-Monjolosen Pirinioetan lan eta bizi xedea. Udalbiltzak lan egin du Gaindegiarekin. Irizpide batzuk finkatuz, Euskal Herri osoa ikertua izan da. Agertzen dira desorekak, baldintza gorrietan dauden guneak. Irizpide sozioekonomikoak hartuz, agertzen da Pirinio inguruko lurralde horrek duela gehien sufritzen. 103 herri identifikatuak izan dira. Badira Nafarroa Garaian, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Bost proiektu daude. Lehena Auzolan deitzen da. Herri elkargo batek nahi badu lanean ari bertze auzo batzuekin xede bat plantan ezartzeko, ahalko du, eta sostengatua izanen da. Ekonomia arloan Eragina proiektua bada. Enpresaburua bazara baina ez badakizu abiatzen, bihurgune bat hartu behar baduzu edo elementuak eskas, laguntzeko programa dago.

Programa zehatzak daude abian?

Bada Pirinioak Sendotzen xedea. Kolektibitate batzuendako da. Sozial arloan, zerbait egin nahi bada, estudio bat... Udalbiltzak ez du programa osoa diruztatuko, baina laguntzen ahal du. Garapen sozialean ere. Proiektu zehatz bat lagun daiteke. 120.000 euro erabiliko dira 20 xede laguntzeko. Herri batek kultur zentro bat egin nahi badu, aitzinetik ikerketa egin behar du, jakiteko nola abiatu, zer egin behar den. Edota nahi badu sare batean sartu. Ez dira proiektu handiak izanen, baina bai anitz txikiak.

Bertze adibiderik?

Banka-Aldudeko ibarrean egin zuten estudio bat ikusteko zein izan daiteke egoera 2020an. Dinamizatzeko profesionalak behar dira. Ez da aski bilkura bat egitea. Udalbiltzak laguntzen ahal du. Xede txikiak lagunduko ditugu, gauzak abiatu ahal izateko.

Ainhize-Monjolosen aurkeztuko duzue xedea gaur. Zergatik hautu hori?

Ainhize-Monjolosen Euskal Herriko Laborantza Ganberak onartu duelako parte hartzea Udalbiltzaren abenturan. Lehen sektoreko egitasmoak han pausatuko dira. EHLGk badu jakintasuna, badituzte baliabide teknikoak. Hegoaldetik biziki ongi ikusia da EHLG, laguntza ekar dezakeen tresna gisa. Horregatik da lehen agerraldia Ainhize-Monjolosen.

Kontseilu Nagusi, Akitania edo Nafarroako Gobernutik jarrera ona igurikatzen duzue?

Ikusirik gure lurraldearen egoera, zailtasunak, uste dut ez dela jarri behar bata bertzearen aitzinean. Denen indarra behar da. Udalbiltzan sartzea edo haiekin lanean aritzea ez da Kontseilu Nagusiari edo Frantziari bizkarra ematea. Bada lurralde bat kinka txarrean, zerbitzuak desagertzen ari. Bada dinamika bat, eta ikusten dugu Iparraldean ere. Udalbiltzak zerbait ekartzen ahal badu, uste dut hautetsiek eta gizarte osoak onartuko duela.

EEP Euskararen Erakunde Publikoak erran zuen elkarlanerako ateak irekiak direla. Zer garrantzia du horrek?

Udalbiltzak bere sail handietan du euskararen problematika, bereziki, ofiziala ez den lurraldeetan. Iparraldean eragile gisa bildu ginen EEPrekin, eta atea irekia atzeman genuen. Teknikarien artean ere lana burutuko da, ikusteko nola sar daitekeen Udalbiltza. Zer ekarpen egin dezakeen. Nahi genuen tenperatura hartu. Badira gauza interesgarriak egiteko.

Hautetsi batek Udalbiltzan sartu nahi badu, gutxieneko batzuk onartu behar ditu?

Naziotasuna onartu behar du. Oraingoz abertzaleak dira barnean. Hautetsi batek onar dezake Euskal Herria, abertzalea ez izan arren. Ari zarelarik herriarendako, behar duzu onartu zuk bezala pentsatzen ez duten hautetsiekin lan egitea. Gu lanean ari gara Kontseilu Nagusiarekin, nahiz eta pentsatzen dugun Euskal Herriak aitorpena behar duela. Lanean gabiltza Paueko hautetsiekin, eta berdin haiek gurekin.

Zenbat hautetsi daude egun Udalbiltzan?Zer toki du Iparraldeak?

1.500 hautetsi daude Udalbiltzan. Ipar Euskal Herrian gauzak emekiago doaz. Hamar bat auzapez gara, eta 80 hautetsi. Lan hori ez da oraindik bukatua. Hauteskundeak pasatu eta proposatuko zaie hautetsi guztiei jarrera hartzea. Ez gara guztiak ber erritmoan. Hauteskundeak pasatzen direlarik, beharko da ontsa finkatu nor den dinamikan sartzen.

Lan horretan ari zarete?

Hautetsi guztiekin partekatuko dugu Udalbiltzaren xedea eta gure lanaren berri eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.