Hego Euskal Herriak biztanleria galdu zuen 2021. urtean. INE Espainiako Estatistika Institutuak gaur argitaratu ditu iazko erroldatze datuak, abenduaren 31ra bitartekoak, eta, datu horien arabera, biztanle kopurua apaldu egin da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta apur bat handitu da Nafarroan. Guztira, 6.171 biztanle gutxiago zituen Hego Euskal Herriak 2021 bukaeran, 2020ko datuekin alderatuta. Ipar Euskal Herriko azken datuak 2019koak dira, baina, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako biztanle kopurua aintzat hartuta, uler daiteke oro har Euskal Herrian biztanleria murriztu egin zela.
Zehazki, 3.191.203 herritar bizi dira Euskal Herrian, Insee Frantziako Estatistika Institutuaren 2019ko eta INEren gaurko datuak aintzat hartuta. Lurraldeka, Bizkaian txikitu da gehien biztanle kopurua; 5.109 herritar galdu ditu herrialde horrek. Gipuzkoan, apalagoa da beherakada (1.088 gutxiago), eta are apalagoa Araban (314 gutxiago). Aldiz, Nafarroan gora egin du herritarren kopuruak; 340 gehiago ziren 2021 amaieran.
Erroldatze datuak:
Araba (2021): 333.626
Bizkaia (2021): 1.154.334
Gipuzkoa (2021): 726.033
Nafarroa (2021): 661.537
Lapurdi (2019): 269.075
Nafarroa Beherea (2019): 31.942
Zuberoa (2019): 14.656