Hego Euskal Herrian 174 kasu atzeman dituzte

Bizkaian detektatu dituzte positibo gehien: 85.

Herritarrak maskararekin Iruñean. IñIGO URIZ/FOKU
2020ko uztailaren 28a
12:32
Entzun

Atzo, beheranzko joera izan zen nagusi atzemandako positiboetan, eta, gaur ere, bide beretik doa: 174 kasu atzeman dituzte azken orduetan Hegoaldean, atzo baino bederatzi gutxiago. Herrialdeka, baina, gora egin dute kasuek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bizkaian ia bikoiztu egin dira kasuak, azken zenbaketen arabera: 85 izan dira positiboak azken orduetan, eta gehienak, berriro ere, Bilbon detektatu dituzte; 36. Gipuzkoan, berriz, 35 herritarrek eman dute positibo, eta Araban, bederatzik. Nafarroan, erdira murriztu dira kasuak; azken orduetan, 44 izan dira. Jaurlaritzak jakinarazi du erkidegotik kanpo beste kasu bat atzeman dutela.

Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi du bi agerraldi aktibo daudela oraindik ere Bizkaian eta Gipuzkoan: Eibarkoa eta Ermukoa. Eibarren izandako agerraldiaren ondorioz, 178 kasu aktibo daude oraintxe, azken orduetan 11 atzeman ostean. Ermuan, gehiago dira kasu aktiboak: 206; azken orduetan, 16 positibo atzeman dituzte. Murgak gehitu du azken positiboetatik gehienak gertuko kontaktuenak izan direla, eta aztarnarien lan «zorrotzari» esker atzeman ahal izan dituztela.

Halaber, oraintxeko kutsatze gehienak Bilbon daude: azken 36 positiboekin, 113 dira asteburutik han atzeman dituzten kasuak. Jaurlaritzako osasun sailburu Nekane Murgak atzo adierazi zuen hiriko taberna batean izandako agerraldiarekin lotu direla 50 positibo inguru, baina ez dutela beste agerraldirik detektatu. Bizkaian igo dira gehien kasuak azkenaldian, eta horren atzean «mugikortasuna» egon daitekeela uste dutela adierazi du Murgak

Bestalde, Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak jakinarazi du Mendillorriko agerraldia izan dela orain arteko bortitzena, eta guztira 177 kasu atzeman direla. Halere, «prebalentzia txikia» izan da, PCR proba egin duten auzotarretatik %1,2k eman baitu positibo.

Goizean kezka piztu da Hernanin (Gipuzkoa), udaleko iturriek jakinarazi baitute eraikin bateko biztanle guztiei PCR probak egingo dizkietela, zenbait positibo atzeman ostean. Kutsatzeak familia batzuetako kideen artean atzeman dituzte, eta guztiak eraikin berean bizi dira. Agerraldian, Osasun sailburuak zehaztu du pertsona horiek etxean egon beharko dutela PCR proben emaitzak jaso arte, baina ez daudela «konfinaturik». Azken bost egunetan zortzi kasu detektatu dituzte Hernanin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.