Joan den astetik, Hegoaldeko osasun sistemek emandako datuek gero eta garbiago erakusten dute transmisioaren larriagotzea. Egun bakarrean zenbatutako kasu kopuruak beste langa bat gainditu du, Osakidetzak eta Osasunbideak 600dik gora positibo detektatu baitzituzten ostiralean. Zehazki, 9.861 diagnostiko proba egin ziren, eta 650 laguni detektatu zieten birusa. Beraz, %6,6 izan da positiboen ehunekoa.
Argitara ateratako azken datuek bistan utzi dutenez, birusa Hegoaldeko lau lurraldeetan ari da harrotzen. Herenegun, Gipuzkoan atzeman zuten positibo gehien: 248 izan ziren. Gainera, Bizkaian 193 kutsatu zenbatu zituzten; Nafarroan, 152, eta Araban, berriz, 51. Edonola ere, bereziki aipatzekoa da Nafarroako egoera; izan ere, Osasunbideak 1.444 diagnostiko proba egin zituen ostiralean, eta, horiek oinarri, %10,5 izan zen positiboen portzentajea. Berriz, Osakidetzak egindako testen %5,9k eman zuten positibo. Aldea nabarmena da, hortaz. Halere, ehunekoa bi osasun sistemetan da OME Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatutako gehienezko mugatik urrun (%5).
Bestalde, ospitaleei dagokienez, herenegun bederatzi lagun erietxeratu zituzten COVID-19aren sintomak larriagotuta. Gainera, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, 39 lagun dira ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan gaitzak jota.
Koronabirusa
Hego Euskal Herrian 600dik gora kasu izan dira egun bakarrean
Maiatz hasieratik izandako kutsatu kopururik handiena zenbatu dute: beste 650 kasu. Ostiraleko diagnostiko testen %6,6k eman dute positibo. Nafarroako egoera nabarmen ari da belzten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu