Datorren ikasturtea prestatzea helburu, Espainiako Osasun eta Hezkuntza Ministerioek eta autonomia erkidegoetako departamentuek bilkura izan zuten atzo. Batik bat, COVID-19aren kontrako txertoa izan zuten hizpide, eta asmo bat aurreratu zuten: aztergai dute Bigarren Hezkuntzako eta batxilergoko ikasleei txertoa jartzeko aukera. Espainiako Osasun ministro Carolina Dariasek iragarri duenez, 12 eta 16 urte artekoak ikasturtea hasi aurretik txertatu nahi dituzte. Halere, Isabel Zelaa Hezkuntza ministroak zehaztu du, besteak beste, Sendagaien Europako Agentziaren onespena premiazkoa dela pausoa emateko.
Neurriak eragina izan lezake Hego Euskal Herrian. Arabari, Bizkaiari, eta Gipuzkoari dagokionez, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak jakinarazi du Jaurlaritzak aintzat hartuko duela Espainiako Gobernuak eginiko proposamena, baina argitu du bide orri propioa jarraituz eginen dutela aurrera. Hala eta guztiz ere, azaldu du ikasleei gaitzaren kontrako txertoa jartzeak ahalbidetu egin lezakeela Hezkuntzan segurtasun neurriak leuntzea.«Maskarak pixka bat alboratzea ekar lezake, baita distantzia fisikoak eta burbuilak alde batera uztea ere. Dena dela, hori etorkizuneko kontua da». Bestalde, Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak esan du, atzoko batzarrean hitz egindakoaren arabera, ikaslerik zaurgarrienak txertatuko lituzketela aurrena, neurriak aurrera eginen balu.
Nafarroako Gobernuak gaur aurkeztu du datorren ikasturterako kontingentzia plana. Gimenok prebentzio, garbitasun eta higiene neurri guztiak mantenduko dituztela ziurtatu du, baina hainbat berrikuntza txertatu dituzte: besteak beste, Haur Hezkuntzako ikasleek ez dute maskararik jantzi beharko jolaslekuan daudenean. Aurten egin bezala, eskolak goizez bakarrik emango dituzte Nafarroako ikastetxeetan, baina, pandemiaren bilakaeraren arabera, goizez eta arratsaldez emateko aukera eman dezakete. Baliabideei dagokienez, ziurtatu du mantendu egingo dituztela aurtengo ikasturterako pandemiagatik jarritako errefortzurako langileak. Gimenok nabarmendu du protokoloa aldatzeko aukera dagoela.