Egunetik egunera, gero eta gaixo gutxiago dira Hegoaldeko zainketa intentsiboetako unitateetan: 106 eri dira gaitzarekin, bezperan baino hiru gutxiago, alegia. Maiatz osoan, beheranzko joera ia etenik gabekoa izan da unitate horietan, eta aldea nabarmena izan da: maiatzaren 3an 231 ziren, gaur egun direnen bikoitza baino gehiago. Gainera, ZIUetan ez ezik, gainerako unitateetan ere txikitzera egin du paziente kopuruak: guztira 299 gaixo daude Hegoaldeko ospitaleetan. Duela hilabete, zenbatekoa 900en langatik hurbil zen.
Transmisioari dagokionez, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera, atzo 10.694 diagnostiko proba egin ziren COVID-19a detektatzeko, eta 409 positibo zenbatu zituzten. Hala, positiboen portzentajea %3,8 izan zen Hego Euskal Herrian. Lurraldeka, Bizkaian 136 zenbatu zituzten; Gipuzkoan, 136; Nafarroan, 65; eta Araban, 31.
Gainera, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak jakinarazi du birusarekin eri zen herritar bat zendu dela herrialdean: 91 urteko emakumezko bat. Foru gobernuak ez bezala, Eusko Jaurlaritzak astean behin baizik ez du ematen heriotzen gaineko informazioa: bihar eguneratuko ditu datuak.