Beheranzko joera gero eta egonkorragoa da: berriz ere, apaldu egin da birusak jota Hegoaldeko ospitaleetan diren gaixoen kopurua. Nafarroak Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 430 paziente dira. Horiek horrela, datuak martxoaren hondarrean erregistratutakoen parekoak dira. Zehazki, erietxeratuetako 283 gela arruntetan daude. Berriz, 147 daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, bezperan baino bat gutxiago.
Halaber, Osakidetzak eta Osasunbideak 48 lagun ospitaleratu zituzten atzo gaitzaren sintomak larriagoturik. Azken hamalau egunetako bilakaerari so, egunero 52 pertsona erietxeratu dituzte batezbeste.
Birusaren transmisioari dagokionez, ostegunean 468 COVID-19 kasu detektatu zituzten Hego Euskal Herrian egindako diagnostiko probetan. Bizkaian 233 kasu atzeman zituzten; Gipuzkoan, 133; Nafarroan, 72, eta Araban, 27. Guztira 9.435 test egin ziren, eta, beraz, %5 izan zen positiboen portzentajea. Hainbat egunez, langa horretatik behitikoa izan da ehunekoa Hegoaldean; atzoko testak oinarri, ordea, datua atzera ailegatu da OME Osasunaren Munduko Erakundeak gehienezko mugarritzat ezarria duen portzentajera (%5).