Koronabirusa

Hegoaldeko ZIUetan 105 eri daude: kopururik makurrena ekainetik

Gaitzak jotako 420 lagun daude erietxeratuta, eta beste egoiliar bat hil da Gipuzkoako zahar etxe batean. 849 kutsatu atzeman dituzte

Donostia ospitaleko larrialdietako sarrera, artxiboko irudi batean. GORKA RUIBIO / FOKU.
edurne begiristain
2021eko abuztuaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Birusaren transmisioari dagozkion datuak oso apurka apaltzen ari dira, baina koronabirusaren eragina gordin nabaritzen ari diraoraindik ospitaleetan. Hego Euskal Herrian, 420 lagun daude ospitalean, eta herenegun 41 pertsona sartu zituzten erietxera birusaren sintomak larriagoturik. Horietako zazpi Osasunbideak Nafarroan ospitaleratuak dira, eta, gobernuak zehaztu duenez, horietako bat ZIU zainketa intentsiboetako unitatera eraman zuten zuzenean.

Gaur-gaurkoz, 105 lagun daude Hegoaldeko ZIUetan, larri. Unitate berezi horietako egoera bereziki iluna da: azken bi hilabeteetako daturik makurrena dute orain, eta bosgarren olatuko paziente kopururik handiena. Ekainaren 1era joan behar da antzeko datu bat topatzeko: 106 paziente zeuden orduan ZIUetan. Baina orduko hartan beheranzko joeran zegoen unitate horietako eri kopurua. Orain, ordea, goranzko bidean da kurba.

Ospitaleetako egoera kutsatzeen kurbaren isla da, eta kurba hori oso goian da oraindik, nahiz eta beheranzko joeran segitzen duen. Hegoaldeko osasun agintariek plazaratutako azken datuen arabera, asteazkenean 849 kasu positibo detektatu zituzten 8.929 test eginda. Positiboen ehunekoa %9,5 da. Herrialdez herrialde, positibo gehien Bizkaian atzeman dira beste behin: 414. Gipuzkoan, 153; Nafarroan, 147, eta, Araban, 119.

Egunetik egunera Hegoaldeko osasun sistemek detektatzen dituzten kasu kopuruei begiratzeazgain, azken hamalau eguneko zenbatekoak bilduta osatutako batez bestekoa adierazgarri izaten da bilakaeraren norabidea marrazteko. Aldagai horri erreparatuta, nabari da beheranzkoa dela joera. Uztailaren 30ean, aurreko hamalau egunetako datuak oinarri, 1.763 kasu atzematen ziren batez beste egun bakarrean. Orain, berriz, 958.

Nolanahi ere, lau lurraldeetako intzidentzia tasek ere ematen dute egoerarenneurria, eta oraindik kezkagarria da datu hori. Guztien artetik, Arabak du daturik okerrena: zehazki, azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 520 laguni atzeman diete COVID-19a. Beste muturrean dago Gipuzkoa, tasa apalagoarekin, nahiz eta larria den hura ere: 400. Bizkaian, 516koa da tasa, eta Nafarroan, 402koa.

Zahar etxeei dagokienez, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi zuen azken orduetan hiru positibo atzeman dituztela lurraldeko egoitzetan, eta COVID-19a zuen adineko bat hil dela.

Txertatzeko deia

Birusaren transmisioa oso motel apaltzen ari da, eta, bitartean, aurrera segitzen du hartatik babesteko txertatze kanpainak. Atzo Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak txertoa jaso ez duten herritarrei eskatu zien ordua hartzeko, «norberaren onerako keinu bat ez ezik, gizartearekiko elkartasun keinu bat ere badelako». Une honetan, txertoa hartzeko 80.000 ordu libre daudela jakinarazi zuen. ZIUetan dauden erien inguruko datu bat ere eman zuen: hamarretik sei ez daude txertatuta.

Gaur egun, administrazioek emandako azken datuen arabera, Hego Euskal Herriko biztanleen %74k hartua dute txertoren bat. Bestalde, %65,96k pauta osatua dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.