Datuak

Hegoaldeko ZIUetan 113 eri daude gaitzak jota

Ospitaleetako presioak gorantz segitzen du: ZIUetako datuak azken hiru hilabeteetako beltzenak dira. Transmisioa, berriz, arintze bidean da: 450 kasu zenbatu dituzte.

Gurutzetako ospitaleko ZIUetako gela bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko abuztuaren 23a
13:04
Entzun

Argira eta ilunera, aldi berean. COVID-19aren izurriteak Hego Euskal Herrian utzitako datuek kontrako bi joera erakutsi dituzte azkenaldian, pandemiaren bilakaera neurtzeko aldagaiaren arabera. Birusaren kutsatzeari loturiko aldagaietan aski bistakoa da leuntzea, kutsatuen kurbak beherako bidea hartu baitu, nabarmen. Ordea, erietxeetako egoera gero eta larriagoa da. Osakidetzak eta Osasunbideak beste 48 pertsona ospitaleratu dituzte birusak jota, eta, beraz, gaitza duten 439 lagun daude Hegoaldeko zentroetan sarturik. Gainera, osasun agintariek zehaztu dutenez, horietako 113 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan dira, larri. Hain zuzen, maiatzaren 28tik erregistratu den kopururik handiena da hori.

Joera nahiko bestelakoa da transmisioari so ginez gero. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak argitaratutako informazioaren arabera, atzo 4.922 diagnostiko proba egin ziren COVID-19a atzemateko Hegoaldean, eta horietako %9k eman zuten positibo: 450ek. Ekainaren hondarretik inoiz ez da hain kopuru apalik izan. Aipatzekoa da, ohi bezala, astegunetan baino test kopuru gutxiago egin zirela igandean, baina, dena dela, atzo detektatutako positiboak iragan asteetako igandeetan izandakoak baino franko gutxiago izan ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.