Birusak Hego Euskal Herriko ospitaleetan duen eragina nahiko egonkorra dela erakusten dute osasun sistemek argitaratutako datuek. Ordea, datuak aski ilunak dira, era berean. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako informazioaren arabera, oraintxe bertan guztira 439 lagun dira birusarekin erietxeratuta. Bezperan baino hamar gehiago dira. Gainera, zehaztu dutenez, horietako 87 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daude, larri.
Hain zuzen ere, Osakidetzak eta Osasunbideak 56 lagun ospitaleratu zituzten atzo gaitzarekin. Azken hamalau egunak aintzat hartuta batezbestekoa eginez gero, datua bertsua da: eguneko 57 lagun erietxeratu dituzte Hegoaldean.
Halaber, COVID-19aren transmisioari dagokionez, osasun sistemek jakinarazi dutenez, atzo beste 1.104 kasu positibo zenbatu ziren Hego Euskal Herrian egindako testetan. Guztira, PRC probak eta antigeno testak kontuan izanda, 9.092 proba egin ziren, eta, beraz, %12 izan zen positiboen portzentajea. Lurraldeka, Bizkaian 466 kasu izan ziren; Gipuzkoan, 220; Nafarroan, 213, eta, Araban, 182.
Gainera, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du birusarekin eri zen pertsona bat zendu dela herrialdean: 91 urteko emakumezko bat.