Hogeita bortz urte bete dira aurten hainbat emakume Hondarribiko (Gipuzkoa) alardean desfilatzen saiatu zirenetik, baina urtemuga alardeko desfilerik gabe gogoratu behar izan dute. Izan ere, bigarren urtez jarraian ez da alardearen desfilerik izan Hondarribian, osasun egoerak ezarritako murrizketen ondorioz. Iaz bezala, ordea, eutsi egin diote Guadalupeko ermitan egiten duten mezari. Ohiturak dioenez, 1638an Hondarribiko setioa eteten lagundu ziela eskertzen diote herritarrek Guadalupeko Ama Birjinari, hari egindako botoa berrituta. Jaizkibel konpainia parekidea elizkizunean izan da, azken urteotan egin duen gisan, eta han izan dira udaleko hainbat ordezkari eta herritar ere, Txomin Sagartzazu alkatea barne. Alarde baztertzaileko konpainiek ez dute meza horretan parte hartu, ordea: bertze bat antolatu dute, ohikoa baino lehenago, 09:30ean.
Oihana Etxebarrieta Jaizkibel konpainiako kapitainak adierazi du jarrera horrekin «herriari bizkarra» ematen ari zaizkiela alarde baztertzaileko kideak: «Harritzen nauena da ja ez bakarrik Jaizkibelekin egoteko zailtasunak dituztela; gogoratu behar dugu elizkizun honetan urtero elkartu izan garela eta elkartzen garela herritarrak, udal korporazioa, eta Jaizkibel konpainia, eta honek irudikatzen du beste behin ere ez soilik parekidetasunean festa ospatu nahi dugunei bizkarra eman nahi digutela, baizik eta herriari eta herriaren festari ere bizkarra eman nahi dietela».
Txomin Sagartzazu alkateak BERRIAri adierazi dionez, udala «lanean» ari da erraztaileen bidez alardearen gatazka bideratzeko, baina ohartarazi du ez daukatela oraindik «konponbiderik». Jaizkibel konpainiak joan den uztailean egindako proposamenari buruz, bertzalde, erran du ez dutela oraindik «udal modura proposamena landu». Etxebarrietak uste du udala «denbora galtzen» ari dela.
«Datorrenean, barruan»
Elizkizunaren ondotik elkarretaratze jendetsua egin dute dozenaka herritarrek Hondarribiko Martxoak 8 plazan, Jaizkibel konpainiak deituta. Alarde parekide eta publikoaren alde egin dute, eta hainbat afixatan Jaizkibel Hondarribiko alardeko 22. konpainia izateko eskatu dute, alardearen desfile orokorraren «barruan». Hain zuzen, horixe da konpainia parekideak uztailean egindako proposamena.
Izaskun Larruskain Jaizkibel konpainiako kideak elkarretaratzean egindako adierazpenetan adierazi du Euskal Herriak «merezi» duela konponbide bat: «Gizartea aldatu da». Salatu du, halaber, politikariak ez direla ari EAEko Berdintasun Legea betetzen: «Herria mugitu da agintariak baino gehiago». Etxebarrieta kapitainak heldu den urterako deia eginda eman dio akabera elkarretaratzeari, besta giroan: «Aurten ahal den moduan ospatu, eta, datorrenean, Jaizkibel barruan».
"Emakumeak alardean" oihuka, txaloak... Emozioa nagusi Martxoak 8 plazan #Alardea@berriapic.twitter.com/W7A3Ecxc9v
— Maddi Ane (@mtxoperena) September 8, 2021