Gaur hasiko ditu MIDASek, Eremu Urriko eta Eskualdeko Hizkuntzetan Argitaratzen diren Egunkarien Europako Elkarteak, bere urteroko bilkura eta 3. batzar nagusia Donostiako Kurssal Jauregian. Aurreko bi batzarrak Bratislavan (Eslovakia) eta Helsinkin (Finlandia) egin zituen. Aurten, ordea, Euskal Herrian egingo da, MIDASeko zuzendaritza batzordeak hala proposatuta eta Berriak antolatuta.
Euskal Herria kokaleku gisa aukeratzeko zioen artean, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera da nagusiena. Izan ere, nazioarteko elkarteak behin baino gehiagotan salatu izan du euskarazko egunkariaren itxieraren eta bere langileen atxilotzearen zentzugabekeria. Hala, Euskal Herriari eskaini nahi dion arreta bereziaren seinale da antolatzen duen batzarrik nagusiena bertan egitea.
Euskararen egoera aztergai
Jardunaldiotako harrera ekitaldia Euskarazko Komunikazio Taldearen (EKT) lehendakari Joxean Lizarribarrek egingo du. Berarekin batera ere MIDASeko lehendakari Toni Ebner eta Euskal Herriko hainbat erakundeetako ordezkariak izango dira: Donostiako alkate Odon Elorza, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi Joxe Joan Gonzalez Txabarri eta EAEko Hizkuntza Politika sailburuorde Patxi Goenaga.
Gaur goizeko saioan Euskal Herria eta euskararen egoera izango dira hizpide nagusienak. Lorea Agirre kazetari eta idazleak begiratu azkar bat emango die euskalgintzaren azken urteei. Ondoren, Berriaren zuzendari Martxelo Otamendik Egunkaria-ren itxiera eta Berriaren sorrera azalduko ditu. Halaber, parte hartzaileek euskararen datu soziolinguistikoak eta hizkuntza eskubideen egoeraren berri ere izango dute. Hizlarien artean Behatokiko zuzendari Juan Inazio Hartsuaga izango da. Arratsaldean, berriz, MIDAS elkarteaz jardungo dute. Lehen orduetan elkartean sartzeko eskaera egin duten egunkariak aurkeztuko ditu MIDASeko idazkari Günther Rautzek: alemanezko Grenz-Echo (Belgika), hungarierazko Bihari Napló (Errumania), alemanezko Südtirol 24h (Hego Tirol), errusierazko Vesti Segodnya (Letonia) eta errusierazko Modolez Estonii (Estonia). Arratsaldeko atsedenaldiaren ostean ekingo diote batzar nagusiari eta bertan, besteak beste, urteko programak onartu eta datorren urtekoak hitzartuko dituzte; aurrekontuen gainean ere hitz egingo dute.Kursaaleko bilerak amaitu ostean, MIDASeko kideak Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkera bisita egingo dute, euskalgintzako enpresak eta Berria egunkaria bertatik bertara ezagutu ahal izateko.
Bihar, ateak zabalik
Biharko eguneko jarduera irekia izango da. Hortaz, nahi duten guztiek Kursaalera joan eta MIDASeko hedabideen oraingo errealitatea eta geroko proiektuak zein diren jakiteko aukera izango dute. Izan ere, bihar goizean MIDASeko egunkarien erronka eta egitasmo interesgarrienen berri emango da. Aurkeztuko diren egitasmoen artean honakoak izango dira: Kataluniako Comit kazetaritza taldearen izaera, produktu eta erronkak; El Periódico de Catalunya-ren itzulpen sistema; Segre-ren multimedia egitasmoa; Irlandako Lá egunkari berria, Hufvudstadsbladet-en (Finlandia) egunkari formatu proposamena eta Jakobstads Tidningen (Finlandia) itsu eta ikusmen urritasuna dutenentzako egunkari zerbitzua. Egitasmoez gain, hizkuntza gutxitu eta eremu urriko hizkuntzen gaineko hainbat hitzaldi eskainiko dira, hala nola, «Hizkuntza gutxituetako egunkarien hedapena Europan» eta «Europaren haztearen eragina hizkuntza gutxituen egunkarietan».
MIDAS 2001eko udaberrian sortu zen, Palma de Mallorcan egindako bilkura batean. 10 hizkuntza komunitatetako egunkarien zuzendariek proposatuta eratu zen, helburu nagusi batekin: hizkuntza gutxituetan argitaratzen diren egunkarien arteko elkarlana eta informazio trukaketa sustatzea. Era berean, MIDASen helburua Europako instituzioetan eremu urriko eta eskualdeko hizkuntzetako egunkarien behar eta nahien ahotsa izatea da. Hots, hizkuntza gutxituen aldeko ekimenak eta legediak sortzearen alde lan egitea. Hala harremanak ditu, besteak beste, Europako Parlamentua, Batzordea, EBLUL, Eurolang, Europako Kontseilua eta nazio barruko zein nazioarteko berri agentziekin. MIDASen egitekoa da baita ere bere kideen proiektuen laguntzarako ikerketak, babes publikoa eta dirulaguntzak lortzea.Urtetik urtera MIDASen partaide diren egunkariak gero eta gehiago dira. Egun 26 kide daude, baina gaur bertan beste bost kide berri sartuko dira. Beraz, batzar nagusiak egunkari horien eskaerak onartuz gero, 31 egunkari izango dira MIDASen bazkide. Egunkariek zenbait ezaugarri bete behar dituzte elkartean sartzeko: astean gutxienez hiru egunetan argitaratzea eta gutxienez edukiaren erdia hizkuntza gutxituan idaztea.Batzar nagusi hau ez da MIDASek Euskal Herrian egiten duen lehen ekimena. Joan den otsailean zortzi egunkaritako kazetariak astebetez izan baitziren Euskal Herrian, MIDASen lehen mintegian. Besteak beste, Berria eta Martin Ugalde Kultur Parkea bertatik bertara ezagutu eta euskalgintzako hainbat eragile eta herri mugimenduekin biltzeko aukera izan zuten.
Helsinkitik Donostiara
Europako hizkuntza minorizatuetan argitaratzen diren egunkarien elkarteak bilera egingo du Kursaalean gaur eta bihar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu