Agustin Hernandez Aja. Hirigintza irakaslea

«Hemengo etxe batean aire girotua egoteak esan nahi du gauzak txarto egin direla»

Etxe gutxiago eraikitzearen eta daudenak eraberritzearen alde agertu da Hernandez Aja; hori egitean ingurumen eragina kontuan hartu beharra nabarmendu du, energia kontsumoa murrizte aldera.

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Etxebizitzen eraikuntza edo eraberritzea eta iraunkortasuna nola uztartu aztertu zuten zenbait adituk atzo Bilbon, Deustuko Unibertsitateak gaiari buruz abiatu duen ikastaroa aurkeztean. Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Hirigintza Saileko zuzendari Agustin Hernandez Aja izango da irakasleetako bat.

Eraikuntza eredu berria irakasteko da ikastaroa. Zertan datza eredu hori?

Soiltasun eta erabilgarritasun kontzeptuak berreskuratzean datza. Arkitekturatik urrunduta egon dira, duela gutxira arte eraikuntzak naturan izandako eragina ez delako hain garrantzitsua izan: gure kontsumoa eta ingurumenari kalte egiteko ahalmena mugatua zen. Azken urteetan hori aldatu egin da, eta orain kontzeptuok energia eraginkortasunari lotuta itzuli dira. Arrazoiz jokatu behar dugu.

Horrek esan nahi du milaka etxebizitza hutsik dauden bitartean ez liratekeela gehiago eraiki behar?

Etxe berri bat eraikitzea, sei soberan daudenean, oso justifikatuta egon behar da; 30-40 urterako adina etxebizitza daukagu jada. Eginda daudenak, berriz, eraberri daitezke.

Etxebizitza edo eraikin batean, zein aldaketa ekarriko lituzke ereduak?

Eraikinetako arazo nagusia da energia kontsumoari buruzko hausnarketa galduta dagoela. Batik bat, ez gaudelako tenperatura eta hezetasun baldintza jakin batzuetara itzultzeko prest: hemeretzi gradura, jertse bat jantzita eroso egon gaitezke, baina 22ra egoten gara besomotzetan. Lehen erabaki hori kulturala da.

Bigarrena arkitekturari dagokio: eraikinek energia pila bat xahutzen dute, isolatze arazoak dituztelako eta irtenbide txarrenak hautatzen ditugulako: berogailu elektrikoak eta banakako gas galdarak, hau da, gehien kontsumitzen dutenak. Funtsean, eraikinek euren funtzioa bete behar dute: kanpoan hotz denean, beroa gorde, eta kanpoan bero denean, beroa sar dadin saihestu. Horren arabera jarri behar ditugu elementuak: hegoaldera begirako leihoak, auzoko zentral termikoak... Harrigarria da: Euskal Herriko etxe batzuetan aire girotua dago; horrek esan nahi du gauzak txarto eginda daudela.

Zentral termiko txikiak aipatu dituzu. Eta energia berriztagarriak?

Eskala kontua da: eguzki panel batek ondo funtzionatuko du familia bakarreko etxebizitza batean, baina ez eraikin kolektibo batean, mantentze kostua oso altua delako. Eguzki panelak ondo daude teorian, baina praktikan, kudeaketaren arabera izango dira errentagarriak; eguzki energiak, intentsitate txikikoa izanda, kontzentrazioa eskatzen du. Demagun multzo bateko eraikin guztietan panelak daudela, eta horietatik jasotako energia guztia kudeaketa gune bakarrera doala; orduan bai.

Nola murritz daiteke uraren kontsumoa?

Ura biosferarekin partekatzen dugun ondare bat dela kontuan hartuta erabili behar dugu; horrek esan nahi du ezin dugula euri ur guztia erabili —naturak ere behar du—, eta erabilitakoa nola itzuli ere aztertu behar dugula, zeren urak kalitatea gal baitezake, askotan araztu eta berrerabili ostean. Egun, kalitate handiko edateko ura kontsumitzen dugu komunean, kaleak garbitzeko... eta agian hor bereizketa egin beharko genuke.

Ikuspegi horrek inguruarekin lotuta ulertzen du etxebizitza: herria edo hiria, gizartea...

Noski. Inurritegi bat gara: bakar batek aurreztea ondo dago, baina lorpenak oso txikiak izango dira, taldean lor genitzakeenekin alderatuta. Arazoak kolektiboak diren neurrian konponbideek ere hala izan behar dute; sistemak gu bihurtzen gaitu errudun, eta egia da gutxiago kontsumitu behar dugula, baina eraginkortasuna taldean aplikatu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.