Azken orduan hartu zuten atzo erabakia. Elita Edeh kanporatzeko dena prest zegoenean, eta ezer egiterik ez zegoela zirudienean, Paueko auzitegiak baimena eman zion Frantziako Estatuan sei hilabetez geratzeko.
Eskualdeko Osasun Agentziako medikuek emandako aholkuak direla-eta utzi dute bertan behera Edeh kanporatzeko erabakia. Izan ere, psikiatrek ohartarazia zuten lehendik ere trauma ondoko nahasmendua zuela hark —bere bikotekidea hil egin zuten auzokoek, lesbiana izateagatik—. Aske geratu da.
Cimadek ohartarazi du, hala ere, sei hilabete ez direla aski trauma gainditzeko eta, epe hori igaro ostean, berriz ere kanporatzeko arriskuan egongo dela Edeh. Eta orduan, berriz ere, hamalau urteko kartzela zigorra jasotzeko arriskuari egin beharko lioke aurre nigeriarrak.
Oztopoak alde guztietan
Ez du nigeriarrak bidea erraza izan. Nigeriatik alde egin zuen adiskideen laguntzaz, eta AEBetan sartzen ahalegindu zen, baina han ere ateak itxi zizkioten. Hala heldu zen Parisera. Han Poliziak atxilotu egin zuen, baina epaileak aske uztea erabaki zuen, zazpi egunean Frantziar estatutik alde egiteko baldintzarekin. Ordea, laugarren egunean berriz atxilotu zuten, Hendaian, eta bertan atxikitze zentroan izan dute Paueko auzitegiak horrenbeste itxarondako baimena aitortu dion arte.