Hendaiako ikastolaren aldekoak, eta horien artean partikularki herriko bozetako hautagaiak, elkartzera deitu zituzten barda, Hendaiako herriko etxearen aitzinean. Aurkeztuko diren bost zerrendaburuetatik, Richard Beita salbu, beste laurak hurbildu zitzaizkien. Ikastolako Txema Egiguren gurasoak azaldu zuen «zer egin, nola eta noizko» galderei erantzunak aurkitzea dela xedea orain. Laurehun bat lagun bildu ziren.
Anartean, Hendaiak bota pilota Artixek (Biarno) harrapatuko du punpean. Hango calandreta eskola mehatxupean baita, Pauen manifestatzera deitu du martxoaren 15erako. «Eremu publikoa hunkitzen duen ikastola edo calandreta proiektu oro lanjerrean emana baita», berretsi zuten manifestaldia iragartzean eskuz esku calandreten eta Seaskaren ordezkariek. Eta hor ere mezu bera: «Murgiltze ereduarentzat lege eske». Gaur egunean hamar calandreta daude Biarnon, eta 450 ikasle. Hendaiako ikastolaren alde iaz Hendaian egin manifestaldira biarnesak etorri zirela eta, aldi honetan ordaina ekartzea ere bada helburu. Autobusak antolatuko ditu Seaskak. Hendaiatik hasita, Ipar Euskal Herria zeharkatzekoa dute. Izenak martxoaren 12a aitzin eman beharrak dira, Seaskaren posta elektronikora idatziz.
Hendaiako ikastola eta Artixeko Calandreta lehen lerroan, babes bila

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu