EUSKARA. III. SOZIOLINGUISTIKAKO INKESTA

Herenak, euskara sustatzearen aurka

2003ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Hauexek dira III. Soziolinguistikako Inkestaren ondorio nagusiak:

Hizkuntz gaitasuna




Gero eta gehiago dira euskaraz mintzatzeko gai direnak, batez ere euskaldun berri asko dagoelako. 1966. urtea baino lehen jaiotakoen artean, elebidunak %22,2 ziren 1991n, elebidun hartzaileak %5,2 eta erdaldun elebakarrak %72,6. Hamar urte geroago, kolektibo horren emaitzak oso antzekoak dira, %22,3, %7,9 eta %69,7, hurrenez hurren. Hala ere, egun 25-34 urte artean dituztenen artean, gora egin dute elebidunek eta elebidun hartzaileek (%31,9 eta %16), batez ere Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Egun 16 eta 24 urte bitartean dituztenen artean, emaitzak hobeak dira: %36,6 elebidunak dira eta %17,6 elebidun hartzaileak. Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian igoera handia izan bada ere, gaztelaniaz euskaraz baino erosoago jarduten dutenak gehiago dira.

Bestalde, Nafarroan apurka-apurka ari dira igotzen elebidunen eta elebidun hartzaileen portzentajeak: %9,5 eta %4,1 izatetik %12,9 eta %5,1 izatera igaro dira. Ipar Euskal Herrian da egoera kezkagarriena: 1966az geroztik jaiotakoen artean dagoen elebidunen ehunekoa aurretik jaiotakoen herenera iristen da ozta-ozta, Hala ere, badirudi galera geratu egin dela azken urteetan.

Familia transmisioa





Euskararen transmisioan gertatzen ari diren joerak positiboak izanda ere, oraindik ez dira lehen hizkuntza euskara izan duten herritarren ehunekoak gora egiteko bestekoak izan. Izan ere, hainbat aldagaik daukate eragina horretan, eta, gainera, joera erabat desberdina da eremu administratibo bakoitzean. Oso kontuan izan behar da gurasoen hizkuntz gaitasuna. Hala, gurasoak euskaldunak izan direnean irabaziak gertatu dira euskararen tranmisioan, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian (%83,7 izatetik %86,7ra) eta Nafarroan (%66,6 izatetik %76,8 izatera). Era berean, lehen hizkuntza euskara eta gaztelania daukaten gurasoen arteko transmisioan ere irabazia gertatu da EAEn, baina %5eko beherakada Nafarroan. Azpimarratzekoak dira Iparraldeko datuak: euskara lehen hizkuntza izan dutenak %73,1etik %52,7ra jaitsi dira. Transmisioan galera handia izan da. Dena dela, Euskal Herrian familia bidezko transmisiorako joerak hobera egin du, batez ere guraso gazteei esker.

 

Erabilera





Orokorrean, euskararen erabileraren zenbatekoek gora egin dute, batez ere Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko datuei esker. Hala ere, Ipar Euskal Herrian beherako joera dago, eta Nafarroan bere horretan jarraitzen du. Miren Azkarate Kultura sailburuak azaldu zuenez, euskararen erabilerak gora egin du lehen bereak ez zituen esparruetan, baina bere betiko esparruetan familia, lagunartea, tabernak... beherako joera du. Bestalde, euskaraz mintzatzeko gai direnen artean erabilerak behera egin du. Euskaldun berrien kopuruak gora egin duelako eta horiek euskaraz baino eroasoago erdaraz egiten dutelako gertatu dela azaldu zuen Azkaratek.

 

Jarrerak





Azken hamar urteetan ez da alde handirik izan euskara suspertzeko politiken jarreren inguruan. EAEn eta Ipar Euskal Herrian antzeko datuak daude, eta herritar gehienak euskara sustatzearen aldeko neurriak hartzearen alde daude. Nafarroan, ordea, aurkakoak dira nagusi. Nafarren %55ek baino gehiagok euskara sustatzeko politiken aurka edo oso aurka daudela agertu dute inkestan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.