jon olano

Hernani munduko «aitzindaritzat» jo du Europa Zero Zabor sareak

2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
«55 herrialdetan izan naiz, eta Zero Zabor filosofian lanean daramatzadan 27 urteetan ez dut Hernanikoa bezain sistema argi eta sortzailerik ikusi». Horrela azaldu du Paul Connettek hondakinak atez ate biltzeko Hernaniko (Gipuzkoa) sistema. Herrian jasotako konpostaren kalitatea %99,76koa dela nabarmendu du Connettek, eta horrenbestez Hernani zero zabor politiketan mundua gidatzen ari dela erantsi du.

Europa Zero Zabor sarea Gipuzkoan ari da egiten urteroko bilkura, ostiraletik gaur arte, eta hitzaldi bat eman zuen Connettek herenegun Donostiako udaletxean. Ingurumen Kimikako irakaslea da Connett New Yorkeko Saint Lawrence Unibertsitatean (AEB), eta hura da Zero Zabor filosofiaren sortzaileetako bat. Eredu horren urratsak xehatu zituen hitzaldian, eta datuz mamitu. Zaborra erretzearen aurka agertu zen Connett; garestia dela, lanpostu gutxi sortzen dituela eta energia xahutzen duela uste du. Lau tona zabor erretzeak tona bat eskoria sortzen duela azaldu zuen, eta beste herrialde batzuetan errauts horiekin zer egiten duten argitu zuen: Erresuma Batuan, adibidez, zabortegietara eramaten dituzte; Danimarkan, berriz, Norvegiara.

Materialak birziklatu eta berrerabili behar direla esan zuen, eta horretarako bilketa sistemarik egokiena atez atekoa dela: «Konpost garbia behar da, eta bosgarren edukiontziak guztion organikoa nahasten du; gainera, industria hondakinak edukiontzietara eramatea saihesten da horrela». Herritarren eta politikarien konpromisoa beharrezkotzat ditu Zero Zabor politikak ezartzeko: «Aktibista deitu izan didate. Aktibistak gozatu egiten du bere jardunarekin; ez baduzue gozatzen planeta babesten, ez ezazue babestu».

Aretoa bete zuten herritarrek, baina ordezkari politiko ugari ere bertan zeuden. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateari «oso interesgarria» iruditu zitzaion hitzaldia, eta esan zuen hondakinen eztabaidak teknikoa izan behar duela, ez politikoa.

Arratsean hitz egin zuen Connettek, baina goizean ere izan zuten zeregina Zero Waste Europe sareko kideek. Usurbilen eta Hernanin izan ziren, herri horietako bilketa sistema bertatik bertara ezagutzeko. Ereduaren garbitasuna nabarmendu zion BERRIAri Zero Waste Italiako kide Patrizia Lo Sciutok: «Oso interesgarria iruditu zait zintzilikarioen sistema; herriaren paisaiaren parte dira, eta oso garbi mantentzen dute herria». Iritzi bertsua du Pal Martensson Suediako Kretsloppskontoret berrerabilpen zentroko koordinatzaileak. Bazuen atez atekoaren berri, baina «harrituta» dago Hernaniko eta Usurbilgo ereduarekin, ez baitubeste inon horrelakorik ikusi: «Txundituta nago zeinen ongi egiten duten herritarrek eta zein emaitza onak lortzen ari diren».

Ereduak atzerritik

Atzo, Juan Karlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak eman zion hasiera jardunaldiari. «Bakarrik ez gaudela ikusteak lasaitasuna eragiten du. Italian, adibidez, 28 milioi pertsonak hondakinak atez ate biltzen dituztela ikusteak lasaitasuna ematen digu», esan zuen. Monzako (Italia) landa eskolako buru Enzo Favoinok hartu zuen hitza hurrena, errefusa biologikoki egonkortzeko esperientzia aurkezteko. Errausketaren ordez, beste irtenbide bat proposatu zuen: errefusaren tratamendu hotza deritzona. Zaborrari ura eta karbono dioxidoa kenduta, egonkortu egiten da errefusa, Favoinoren hitzetan. Zaborraren %40 eraman behar da zabortegira, eta eramandako hori ez da kutsakorra. Eredu hori errauste planta bat baino azkarrago ezar daitekeela uste du.

Zero Zabor helburua duen Italiako Capannori herria gerturatu zuen Rossano Ercolinik. 46.000 pertsona bizi dira han. Esneaz gain, olioa, pasta eta ardoa makinen bidez saltzen dute, plastikoa alferrik sortu gabe. Effecorta enpresak horrela jarduten du, eta Capannorik Italian hartutako ospeaz baliatu da enpresa ere hainbat herritara hedatzeko, Ercoliniren esanetan. Zero Zabor filosofiak bestelako gizarte eredu bat eskatzen duela ohartarazi zuen.

Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkatea zen 2009an atez atekoarekin hasi zirenean. Herritarrek prozesu horretan izandako protagonismoaz aritu zen, batik bat: «Argi genuen herritarrek parte hartu behar zutela; hiru hileko prozesu parte hartzailea egin genuen». Udalak galdeketa bete beharrekoa egin zuen: herritarren %56k atez atekoaren alde bozkatu zuten, eta %42k, bosgarren edukiontziaren alde. «Soilik lau herritan geratzen bagara, zabortegi batean loretxo bat baino ez dira izango», adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.