Indarkeria matxista

Hernanin 22 urteko gizon bat atxilotu dute sexu eraso batengatik

Zahar etxe batean sartu eta andre bati ukituak egitea egozten diote. Sestaon, 58 urteko gizon bat atxilotu dute genero-indarkeria delitua leporatuta. Bultza egin eta lurrera botatzeaz gain, labana batekin mehatxatu zuela salatu du emakumeak.

Neska gazte baten aurkako bortxaketa salatzeko elkarretaratzea, atzo, Beasainen (Gipuzkoa). JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2019ko uztailaren 15a
17:34
Entzun

Igande goizean, 22 urteko gizon bat atxilotu zuten Hernanin (Gipuzkoa), adineko andre bati sexu erasoak egitea leporatuta. Ertzaintzak gaur jakinarazi du kasua: zahar etxe batean gertatu zen, larunbat goizean. Ertzaintzak zehaztu duenez, arduradun baten abisua jaso zuten zaharren egoitzatik, eta salatu zuten gizon bat egoitzara sartu eta gela baten barruan andre bati ukituak egin zizkiola. Mugikortasun mugatua izan arren, biktimak abisu emateko txirrina sakatzea lortu zuen, eta langileak azaltzean, korrika egin zuen ihes erasotzaileak. Atzo goizean atxilotu zuten ertzainek, udaltzainen laguntzarekin.

Hernanikoa ez da izan azken egunetako sexu eraso bakarra. Atzo, jendetza elkartu zen Besainen ere (Gipuzkoa), bortxaketa bat salatzeko. Iruñean ere egin zuten protesta, sanferminetako erasoak gaitzesteko.

Hernaniko Udalak jakinarazi duenez, gertaeren berri izan bezain laster jarri zuen martxan indarkeria matxistaren aurkako erakunde arteko protokoloa. Erasoa gaitzetsi du udalak: "Emakumeen askatasunaren aurkako eraso bat da, eta, beraz, gizarte osoaren askatasunaren aurkakoa". Ildo beretik, matxismoaren aurka egitea "guztion ardura" dela oroitarazi du udalak, eta elkartasuna agertu die biktimari eta zahar etxeko egoiliar eta langileei.

Atxilotu bat Sestaon

Sestaon (Bizkaia), berriz, 58 urteko gizonezko bat atxilotu zuen larunbatean Ertzaintzak, bikotekideari eraso egitea egotzita. Genero-indarkeria delitua leporatu diote gizonezkoari, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Larunbateko 18:30ak aldera jaso zuen abisua Ertzaintzak, Sestaoko etxe batean emakume bat laguntza eske ari zela. Pisura sartzean, gizonak emakumeari eraso ziola baieztatu zuten poliziek; lepoan zauriak zituen, besteak beste. Bikotekideak lepotik heldu, bultza egin eta lurrera bota zuela salatu zuen andreak, eta labana batekin mehatxu egin ziola gero. Erietxera eraman behar izan zuten andrea; atxilotua atzo pasatu zen epailearenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.