Herri aldizkariek 342.000 euro gehiago jasoko dituzte Jaurlaritzaren laguntzetan

Diru laguntza jasoko duten hedabideek euren jardunaren gastu guztia justifikatu beharko dute

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2007ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak atzo argitaratu zuen «euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzeko» diru laguntzen deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Kultura Sailak guztira 5.750.000 euro bideratuko ditu, hau da, iazko deialdian baino 825.000 euro gehiago (%17,4). Hazkundea ia atal guztietan aurreikusi badute ere, hazkunde horren zati nagusia euskara hutsezko hedabide idatziei dagokio, izan ere, egunerokoek eta aldizkariek aurtengo jardunarengatik iaz baino 565.550 euro gehiago jasoko dituzte. Igoera horren onuradun nagusiak, dena dela, herri aldizkariak izango dira, aurten 2006ko deialdian baino 342.000 euro gehiago bideratuko dituztelako tokiko aldizkarientzat. Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak berak orain dela hiru aste inguru aurreratu zuen hazkunde hori, berak kudeatzen duen sailak aurten deialdi publikoen bitartez banatuko dituen diru laguntzen aurkezpenean. Baztarrikak nabarmendu zuen aurten «arreta berezia» eskaini nahi izan dietela, besteak beste, «pluraltasunaren lekuko» direlako eta herritarrek gogoko duten hurbileko informazioa lantzen dutelako.

Tokiko informazioa jorratzen duten egunerokoek baina, aurten ere ez dute igoera nabarmenik izango, gaur egun jada zortzi egunkari argitaratzen badira ere: Goierriko, Irutxuloko, Lea-Artibai eta Mutrikuko, Oarsoaldeko, Tolosaldeko eta Leitzaldeko, Urola Kostako eta Busturialdeko Hitza-k eta Hernaniko Kronika. Igoerarik izango duten ere ez da garbi adierazten aurtengo deialdian, egunerokoak biltzen diren A multzoan ez dituztelako bi azpimultzo bereizi. Iaz egunkari nazionalak (BERRIA) eta tokiko egunkariak bereizita agertzen ziren, eta atal bakoitzarentzako zenbat diru bideratuko zen ere zehaztuta agertzen zen. Aurtengo deialdian, ordea, ez dituzte bi azpimultzoak bereizi eta bakoitzarentzat zenbat diru bideratuko den ezin da jakin, diru laguntzak banatu arte. Eguneroko guztiei bina milioi euro emango dizkie Jaurlaritzak, iaz baino 155.000 euro gehiago.

Orokorrean euskarazko prentsan aurten izango den hazkunde ekonomikoa dena dela, urrun geratu da euskarazko hedabide idatziek Eusko Jaurlaritzari eginiko eskaeratik. Urrats berriak emateko eta orain artean emandakoak sendotzeko, Jaurlaritzari egungo diru laguntza milioi bat eurotan handitzeko eskatu izan diote.

Erdarazko egunkariek tarteka euskarazko gehigarriak ateratzeagatik jasoko duten dirua ere nabarmentzekoa da. Iaz sortu zuen Jaurlaritzak lehen aldiz partida hori, eta 507.650 euro bideratu zituen. Aurten zertxobait gehiago jasoko dute: 568.600 euro. Urtean gutxienez 16 orrialdeko 44 zenbaki argitaratu beharko dituzte (gutxi gorabehera astean behin).



ALDAKETA DEIALDIAN. Aurtengo deialdian badira, halaber, bizpahiru aldaketa. Deialdiak dio, esate baterako, esleitu beharreko diru laguntza esleitu ondoren diru hondarrik bada, diru hori ez dela beste hedabideen artean birbanatuko. «Horren ordez, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak diru-hondar horiek hedabideen kontsumoa sustatzeko proiektuak garatzeko erabiliko du 2007an zehar».

Diru laguntzak banatzerako orduan, Jaurlaritzak kontuan hartuko dituen balorazio irizpideetan ere bada aldaketarik. Aurten lehen aldiz Jaurlaritzak euskarazko komunikabide idatzien aurrekontuak aztertu ditu, eta berak egindako azterketaren araberako baremoak zehaztu ditu. Honela dio hitzez hitz atal horri dagokiona: «Aitortutako gastu-aurrekontuaren eta araztutako gastu-aurrekontuaren arteko aldea: 30 puntu. Hori egite aldera, egitasmo bakoitzaren gastu-aurrekontuaren arazketari ekingo zaio. Arazketa egiteko, hedabideari dagozkion faktore guztiak (langileak, produkzioari loturikoak, ezaugarriak,...) prezio estandarrez osatutako berariazko txostenarekin erkatuko dira. Erkaketa horretan, aitortutako gastu-aurrekontua araztutako gastu-aurrekontutik gora zenbat eta gehiago urrundu, orduan eta puntu gutxiago izango ditu egitasmoak. Prezio estandarrak Euskara Sustatzeko Zuzendaritzan eskuratu ahal izango dira».

Diru laguntzen justifikazioa arautzen duen 21. artikuluan ere aldaketak daude. Hala, aurten diru laguntzak jasoko dituzten komunikabide guztiek diru laguntzen eskabide orrian zehaztutako gastu guzti-guztiak justifikatu beharko dituzte ezinbestean, edozein delarik ere esleitutako diru laguntza. Orain artean Jaurlaritzak emandako diru laguntza justifikatu behar zuten soilik laguntzen onuradunek. Justifikazioa egiteko epea, beranduenik, 2008ko urtarrilaren 31n bukatuko da.



LEHEN SEI HILEKOAN. Aurreko urteetan baino lehenago jakinarazi du Jaurlaritzak aurtengo deialdia. Orain, interesa duten hedabideek hilabeteko epea dute eskaerak aurkezteko. Eskaera guztiak jaso eta aztertu ondoren zehaztuko du Kultura Sailak komunikabide bakoitzari dagokion diru laguntza. Patxi Baztarrikak berak agindu duenez, aurten elkarteek eta enpresek urtearen lehen erdian jakingo dute zein diru laguntza jasoko duten.

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.