Herritarrei legeak proposatzeko aukera ematen die Espainiako legediak, baina hainbat muga ezartzen dizkio herri ekimen legegileari. Horiek gainditu ditu Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak, baina ez dirudi nahikoa izango denik; Espainiako Kongresuan gaur ebatziko dute etxe kaleratzeak eten eta etxea hipotekaren ordainetan ematearen aldeko lege proposamena tramitera onartu edo ez, eta, PPk iragarritakoa betetzen badu, ez dute ekimenaz eztabaidatu ere egingo.
Espainiako Konstituzioko 87. artikuluko hirugarren puntuak eta 3/1984 Lege Organikoak arautzen dute Herri Ekimen Legegilea, eta mugak ezartzen dizkiote. 500.000 sinadurako langa gainditu behar du, eta proposamena ezin da izan lege organikoz araututako gaien, zergen eta nazioarteko gaien ingurukoa.
Halaber, ezin dira herri ekimen legegilez arautu estatuaren planifikazio ekonomikoari eta aurrekontuei buruzko legeak, ezta grazia edo indultu eskubidea ere.
Langa horiek gainditu ditu Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak. 1.402.854 sinadura jaso dituzte Hipoteken Espainiako Legea aldatzeko; Hego Euskal Herrian 94.945 jaso dituzte.
16:00etan hasiko dute osoko bilkura, eta bigarren eztabaida gaia izango da etxe kaleratzeena. Lehena, zezenketak kultur ondasun izendatzeko herri ekimen legegile bat izango da. 590.000 sinadura jaso ditu, eta PPk iragarri du tramitera onartuko duela.
Euskal Herrian muga gehiago dituen formula
Ekimena are mugatuagoa dago erkidegoen kasuan. Espainian ezarritako baldintzez gain, erkidegoetako herri ekimen legegileak erkidego batek duen eskumenetan eragin dezake soilik. Gainera, ezin dira formula horren bidez aldatu erkidegoko estatutua bera edo hauteskunde araudia. Euskal Autonomia Erkidegoan 30.000 sinadura behar dira horrelako ekimen batek aurrera egiteko, eta Nafarroan, berriz, 7.000.