Herri epaimahaiak auzipetu bakarra jo du errudun Santi Cocaren heriotzagatik, eta hiru absolbitu ditu

2019an hil zen Donostian 17 urteko gaztea, dantzaleku baten kanpoaldean eman zioten jipoiaren ondorioz. Auzipetu bakarra zigortu dute, zuhurtziagabekeriazko hilketa delituagatik jo dutelako errudun. Biktimaren sendiak helegitea aurkezteko asmoa agertu du.

(ID_13405446) ESPAÑA SANTI COCA
Ruiz de Erentxun, Cocaren familiaren abokatua, hedabideekin hizketan, bi auzipetu auzitegitik ateratzen diren bitartean, azaroan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2023ko abenduaren 6a
07:48
Entzun

Santi Cocaren heriotzagatik epaitu dituzten lau pertsonetatik bakarra jo du errudun herri epaimahaiak; beste hirurak absolbitu egin ditu, Cocaren hilketan parte hartu zutelako frogarik ez dagoela ebatzita. Bart eman du epaia herri epaimahaiak: zuhurtziagabekeriazko hilketa delituagatik jo dute errudun zigortu duten pertsona hori. Akusazioek lau urteko espetxe zigorra eskatu dute orain harentzat (lehen hamabost urtekoa eskatzen zuten); defentsak zigor txikiena ezartzeko eskatu du. Herri epaimahaia espetxe zigorrik ez jartzearen alde agertu da epaian.

Santi Coca 2019ko apirilean hil zen, Donostian, dantzaleku baten kanpoaldean eman zioten jipoiaren ondorioz. Zazpi pertsona atxilotu zituzten, eta horietako sei espetxeratu zituzten; zazpigarrena baldintzapean geratu zen aske. Sei horien kontrako epaiketa egin da Gipuzkoako Auzitegian, azaroaren 17an hasita. Martxoaren 3an zen hastekoa, baina atzeratu egin zen sei auzipetuetatik batek ihes egin zuelako. Oraindik ere sasian jarraitzen du, eta hura ez dute epaitu. Bost pertsona epaitu dituzte, baina horietako bat epaiketan bertan absolbitu zuten, jipoian ez zuela parte hartu ebatzi ostean. Hasieran atxilotu zituzten zazpi horietatik, beraz, lau izan dira auzipetuak.

Epaiaren arabera, Santi Coca eta ihes egin duen pertsona liskar batean hasi ziren dantzalekuaren kanpoaldean, 2019ko apirilaren 26an. Epaiak dioenez, Cocak kolpe gogor bat eman zion ihes egin duen horri, eta hark biolentziaz joz erantzun zion. Une hartan, orain errudun jo duten pertsona gehitu zitzaion «beste batzuekin», kolpeak eta ostikoak ematera, eta dantzalekuko paretaraino eraman zuten. Han Coca lurrera erori zen jipoiaren ondorioz, baina erasoak jarraitu egin zuen. Epaiaren arabera, orain zigortu duten pertsona ez zen jabetu Coca hil egin zitekeenik, «nahiz eta arriskuaz ohartzea erraza izan». Coca bi egun geroago hil zen ospitalean, jipoiak eragindako zauri larrien ondorioz, epaiak jaso duenez.

Errudun jo duen gaztearen kasuan alkoholaren aringarria ezarri diote epaimahaikideek. Zuhurtziagabekeriazko hilketa delituaz gain, ordea, lesio delitu baten errudun jo dute, Iker Cocari emandako kolpeengatik. Iker Coca Santiren anaia da, eta hura babestera joan zenean jaso zituen kolpe horiek. Absolbitu dituzten hiru pertsonen kasuan epaimahaiak esan du, lekuko batzuek identifikatu bazituzten ere, ez dela frogatu erasoan parte hartu zutenik.

Herri epaimahaiak epaia irakurri ondoren, magistratuak alde guztiak bildu ditu, eta zigor eskaerak egokitu dituzte. Fiskaltzak, akusazio partikularrak (Cocaren familiak) eta herri akusazioak (Donostiako Udalak) espetxe zigor eskaera hamabost urtetik laura jaitsi dute, eta isun bat jartzeko eskatu. Defentsak zigor txikiena jartzeko eskatu du.

Biktimaren familia, ebazpenaren aurka

Hala ere, Cocaren sendia ez da bat etorri epaimahaiaren ebazpenarekin. «Errudunak zigorrik gabe geratu dira, baina ez froga faltagatik», esan du Fatima Hacine amak. Izan ere, biktimaren familiaren aburuz, egoera «bidegabea» da, epaiketan ez dituztelako kontuan izan, besteak beste, erasoaren osteko egunetako adierapenak: «Elkar akusatu zuten». Are, lau urteotan jarrera hori mantendu izanak adierazten du «errudun» direla, amaren ustez: «Libratu dira, baina horrek ez du esan nahi errugabeak direnik». Gainera, epaiketan zehar lekukoekin izandako jarrera ere kritikatu du Hacinek: «Defentsak egindako galdera batzuk emozionalak ziren, galdera tranpatiak. Lekukoak hertsatzea izan zen; azken batean, lehen aldiz epaiketa batera joandako gazteak ziren, eta horrek baldintzatu egin zituen».

Hacinek adierazi du epaia tentuz aztertzeko dutela oraindik, baina helegitea jartzeko asmoa agertu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.