Espainiako Konstituzioaren Egunean euskaldunek ospatzeko ezer ez dutela uste duten hainbat taldek aldarrikapenerako erabili zuten atzoko eguna. Adibidez, Ikasle Abertzaleak taldeak ikastetxeak ohiko eran ireki eta eskola egun normala egiteko deia egin zuen. Hori posible ez zen tokietan herri eskolak antolatzeko deia ere egin zuen. Halaxe egin zuten atzo, hainbat tokitan.
Esate baterako, Gernika-Lumoko Institutuan Euskal Herria ikasteko eskolak antolatu zituzten. Goiz osoan klaseak izan ziren: 09:30etik eta 14:00etaraekonomiako klasea hartu zuten,El capital bideoa ikusiz; atsedenaldiaren ostean, gaztelaniazko testu bat irakurri eta hari buruz hausnartu zuten. Bertso eskola izan zen eguneko azken klasea, eta gero batzarra egin zuten, egunaren balorazioa egiteko.
Gernikan bertan, Juntetxean zegoen Espainiako bandera kendu zuten herritar batzuek. «Euskaldunok zer ospatzerikez dugulako», laugarren aldiz kendu dute bandera hori, «sobera dagoelako, ez delako gurea». Ekimen horrekin euskaldun guztiak deitu gura izan dituzte «euskaldunon nortasun ikurrak defendatzera eta urte osoan toki guztietan zabaltzera». Era berean, «arrotzak» diren ikurrak eta sinboloak dauden lekutik kentzeko eskatu dute. «Euskaldun modura pentsatzeko, bizitzeko eta gure herriaren independentziarako urratsak bultzatzeko» dei egin dute.
Independentziaren alde, Espainiako ikurrei «intsumisioa» egiteko deia egin zuen, era berean, Bermeoko herritar talde batek. Hain zuzen, Bermeon geratzen zen frankismo garaiko Etxebizitza Ministerioaren ikur frankista bakarra kendu zuten. Horretaz gain, Espainiako postan, Espainiako Sustapen Ministerioko paneletan, Itsas Institutuaren eraikinean, nautika eskolan eta bake epaitegian Ikur espainolei intsumisioa itsasgarriak jarri zituzten.
LABek ere lanerako deia egin zuen, eta lantegi batzuk ireki zituzten. Hainbat udaletan ere normal-normal lan egin zuten.
Herri eskolak eta protestak, hainbat tokitan
Herri eskolak antolatu ditu IAk, Espainiako Konstituzioaren Egunean ospatzeko ezer ez dagoela argudiatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu