Josu Labaka. Uemako lehendakaria

«Herri euskaldunetatik hasita, adostasunerako aukerak egon daitezke»

Larunbatean izendatu zuten lehendakari, eta adostasuna aipatu zuen ardatz gisa Labakak. Herri euskaldunak horretarako bide izan litezke, haren ustez. Euskararen normalizazioan «lider» izatea dagokiela dio.

Garikoitz Goikoetxea.
Azpeitia
2015eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Ondo ezagutzen duen erakunde bateko lehendakari da larunbataz geroztik Josu Labaka (Azpeitia, Gipuzkoa, 1978): Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko buru. Komunikazio arduradun aritu zen aurreko agintaldian. EH Bilduko zinegotzia da Azpeitian.

Adostasuna aipatu zenuen hasierako hitzaldian, eta zoru komuna eratzea. Zertan oinarritua?

Euskaldunok erronka potoloa daukagu, Uema bera eta udalak gainditzen dituena. Lortu beharreko adostasun eta bete beharreko printzipio bat dago: bigarren mailako biztanle izateari utzi behar diogu euskaldunok. Eskubide guztien jabe izan behar dugu, beste herritar guztiak bezala. Euskara eta hizkuntza kontuak gainditzen ditu horrek: bizikidetza kontua da. Gaur daukagun errealitatea gainditu egin behar da. Askotan, ikusten ez den errealitatea da, mahai gainean jartzea lortzen ez den errealitatea, baina badena. Euskaldunon hizkuntza eskubideak gutxietsita daude, errespetatu gabe; bazter guztietan zailtasunak dauzkagu. Hor adostasun zabal bat lortzeko arazorik ez luke egon beharko. Hortik abiatuta urrats praktikoak urgentziaz egiteko bide bat ireki behar da.

Alderdien arteko liskarra ikusirik, benetako aukerarik badago euskarari buruz ados jartzeko?

Orokorrean ez dut erraza ikusten. Udalerri euskaldunetatik abiatuta egon daiteke aukera bat. Udalerri euskaldunetako mapa politikoan gaudenon artean egon daiteke aukera bat bide bat irekitzen hasteko. Uemak badu bokazioa lider izateko. Ueman adostasunez gauza asko egin dira, eta horri eutsi behar zaio. Egia da, hala ere, adostasunak ezin duela helburu izan, eta dinamikak frenatu. Bultza egin behar da, eta bide horretan elkarlanerako ateak irekita eduki.

Hiru herri dudan daude Ueman jarraitu edo ez. Tolosak esan du herri txikiagoentzat baliagarria dela Uema, baina ez berarentzat. Zer du Uemak herri handientzat?

Herri handiek ere asko daukate Uemarentzat: beste sendotasun bat ematen diote. Uemak zer eskaintzen du? Tresnak, jakituria, esperientzia... Behar soziolinguistiko jakinetan dauden herri horietan hizkuntza politika aurrerakoi bat eramateko bideak. Herri handientzat ekarpen ikaragarria da hori. Gainera, herri handientzat ere egokituta dago zerbitzua.

Itxaropenik baduzu herri gehiago mankomunitatean sartzeko?

Bai. Baldintzak badaude. Gero eta gehiago gara Ueman, eta espero dugu gehiago ere izango garela.

Iparraldeko udalerriak, noizko?

Ez dakit. Harreman bideak irekiko ditugu. Aurreko legegintzaldian ere saiatu ginen. Uemak mankomunitate izaera du, eta zuzenean sartzeko zailtasunak egon daitezke bi estatuen muga horietan. Formulazio horren gainetik, elkarlanerako zubiak ireki daitezke. Horretara jarriko gara.

Arnasguneen lidergoa aipatu duzu. Nolako lidergoa litzateke?

Berez badira lider: baldintza soziolinguistiko onenak dituzte, eta herritarrak nagusiki euskaraz bizi dira. Euskarak erabilerarako plaza du. Euskararen normalizaziorako planteamenduak egin direnean, leku kolpatuenetan jarri dafokua, euskarak zailtasun gehien dituen eremuetan. Gutxietsi gabe hor egin den eta egin behar den lana, uste dugu fokua zabaldu behar dela: tokian tokiko errealitatetik abiatuta urratsak egin behar dira. Udalerri euskaldunen lidergoa aldarrikatzen dugunean, ulertzen dugu bideak ireki behar ditugula, normalizaziotik gertuen gauden herriak garela, eta bideak irekitzea dagokigula, atzetik datozenei bultza egiteko eta hortik normalizaziora iristeko.

Arnasguneei dagokienez, nolako lan ildoak jorratu behar dira?

Lehenik, udaletatik abiatzen garenez, uste dugu gai hauek euskara departamentutik atera eta erdigunean jarri behar direla. Tresnak sortuta daude, bai hirigintzan, bai arloz arlo, euskara kontuan hartzeko. Gai transbertsala izanik euskara, zentralitatean kokatu behar da. Bigarrenik, herriz herri, tokiko euskalgintzarekin eta herritarrekin bideak ireki behar dira, esaten ari garenaz jabetzeko eta herritarrak ahalmentzeko. Hasita gaude tailerrak egiten, unitate didaktikoak lantzen...

Lege aldetik trataera berezia behar dute arnasguneek?

Bai. Behar soziolinguistiko bereziak dituzten kasuan, bai. Ez da berdin Azpeitia eta Balmaseda, edo Etxarri Aranatz eta Tutera. Euskaldunen eskubideek berdinak izan behar dute batean eta bestean, baina behar soziolinguistiko ezberdinak dauden neurrian, hizkuntza politikek ere ezberdinak izan behar dute. Seguru asko, horrek behar du lege babesa edo markoa desberdina izatea.

Ziklo aldaketa aipatzen da euskarari dagokionez; besteak beste, belaunaldi aldaketa. Zeu zara horren adibide. Beste pauso bat emateko abagunea badago? Badago indarrik euskalgintzan?

Giro nahasi xamar bat dago. Ez dut ikusten norabide jakin bat eta indar handiz bultzatzen ari garen tren bat. Hori da egoera. Egin beharko genuke? Noski. Beste kontu bat da hori egiteko nola asmatzen dugun elementuak josten.

Carlos Urkijorekin izan dituzue arazoak, euskarazko aktak harira. Behar bezala erantzun zaio?

Gure ondoan egon diren eragileek ahal izan duten neurrian babestu gaituzte. Baina, seguru asko, erasoaren tamainak beste neurri bateko erantzuna beharko luke. Ez zait horrenbeste gustatzen Urkijori buruz hitz egitea. Estatuak daukan arazoa da hemengo errealitatea ez duela ikusten, ez duela onartzen edo ez duela ikusi nahi. Badaude udalerri euskaldun batzuk nagusiki euskaraz bizi direnak. Hori ukatu egiten du: gure beharrak eta existentzia bera. Beti erdaldunen eskubideen defentsan dago, euskaldunok bigarren mailako egoeran gauden honetan. Epaitegietako zurrunbiloa ez da ona, ez Uemarentzat, ez udalentzat, ez euskararentzat. Hortik ateratzeko apustua egin behar da. Apustu bateratua izan behar du. Udal lege berriaren bidez-eta lege babes bat artikulatu behar da. Ezin da etengabe zalantzan egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.