Jaiak

Herri jaien aldarria zabaltzeko antolatu dute Donostiako 'Edozer dugu posible' eguna

Uztailaren 9an izango da, eta egun osoko eta ikusle guztientzako jaia prestatu dute Donostiako piratek.

'Edozer dugu posible' egunaren aurkezpena. BERRIA
Araitz Muguruza.
2014ko ekainaren 23a
13:34
Entzun

"Jaietan aldarrikatzen ditugun balioak eguneroko bizimodura eraman nahi ditugu, sinesten dugulako jaiak horretarako tresna egokia direla", azaldu du Mireia Mochales Donostiako Piraten bozeramaileak. Horregatik antolatu dute Edozer dugu posible eguna uztailaren 9rako, Donostiak eta hiria bizitzeko moduek lekua izan dezaten Aste Nagusitik kanpo ere.

Goizean hasiko dira ekitaldiak. Haurrentzako antzara joko erraldoia egingo dute. Gazteentzat, berriz, muralak egiteko lantegia eta bertso hopa egongo dira. Euskaraz ikasten ari direnek mintzapraktika pirata egiteko aukera izango dute. Donostiako kontsumo taldeek jatekoa eta edatekoa ere emango dute.

Manu Chao  Zurriolan

Arratsaldean, hizkuntza gutxituak dituzten herrialdeetako taldeen kontzertuak izango dira. Gauean ere izango dira kontzertuok. Zurriolako hondartzan jarriko duten oholtzan, Selektah Stepi, Skakeitan, Tania de Sousa eta Manu Chao-La Venturaren emanaldiak izango dira. 

Beste herrietako jai batzordeekin harremanak indartzeko ere baliatu nahi dute Edozer dugu posible eguna. Erakusketa bat jarriko dute Zurriolako pasealekuan. "Herri eta auzoetako jai batzordeek beren esperientziak azalduko dituzte panelen bidez", adierazi du Batiste Ezeiza Donostiako Piraten bozeramaileak. Ezeizak piratekin harremanetan jartzeko deia egin die erakusketa horretan parte hartzeko interesa duten beste herri eta auzoetako batzordeei. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.