Herri Urratsek 30 urte beteko ditu aurten eta, lehen Herri Urratsean bezala, aurtengo etekinak ere Kanboko (Lapurdi) Xalbador ikastegiko arraberritze lanak ordaintzeko baliatuko dituzte; maiatzaren 12an egingo dute jaia. Herri Urrats Xalbador ikastegia egin ahal izateko sortu zen, eta orduko egitasmo handiena zela gogorarazi du Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. Alta, Seaskaren beharrak ugaldu dira geroztik. Gaur egun 26 ikastola, hiru kolegio eta lizeo bat ditu Seaskak, eta aurki laugarren kolegio bat egin beharko dutela erran du Indok. Legeak traba diren bitartean, Frantziako botere publikoek haien eginkizuna betetzen ez duteino, ikastolen eta euskararen geroa herritarren gain egonen dela erran du Indok. Karia horretara, dei berezia egin die euskaltzale eta euskararen aldeko militanteei Herri Urratsera joatera eta ikastolei sostengua eman diezaieten.
Paxkal Indo Seaskako lehendakariak nabarmendu du euskaltzaleen gain gelditzen dela botere publikoek betetzen ez duten engaiamendua. Indok berretsi du Herri Urrats bakar batek ez dituela Seaskaren beharrak betetzen, horretarako hiruzpalau beharko liratekeelako.
Eskola horrek behar duen laguntzari buruz aritzerakoan, gogoan izan du Gipuzkoako Aldundiak Xalbador kolegioari emandako 600.000 euroko laguntzaren aurka Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak iragarritako helegitea. Indoren iritziz, Urkijoren ekinaldia «propaganda» eta «komunikazio kanpaina» baino ez da. «Europan gaude eta mugaz gaindiko xedeak zein lurraldeen arteko laguntzak eguneroko errealitatea dira», erran du Indok. Balioa kendu dio Urkijoren ekinbideari, eta Gipuzkoak hitzemandako laguntza helaraziko diela bermatu du Indok.
Berrikuntzez beterik
Aurten berrikuntza ugari egonen direla nabarmendu dute antolatzaileek. Nagusiki Haurren Txokoan, txiki gelditu baita. Eremu nagusia Araba gunean ukanen dute, orain artean bezala. Baina, horrez gain, bertze gune bat egonen da Zuberoa eremuaren ondoan. Irrien Lagunak taldeak kudeatuko du. Bertze alde batetik, kamioi bat egonen da haurrentzako, Nafarroan gaindi bidaia birtuala egin dezaten. Araba eremuan eskalada egiteko parada ukanen dute haurrek, puzgarriak ere atzemanen dituzte. Arratsalde erditsutan bitsa botako dute, han haurrak josta daitezen.
Irrien Lagunak taldeak kudeatuko duen gune horretan, orain artean dantza emankizunak egoten ziren. Aurten, berriz, bertze dimentsio bat eman nahi izan diote dantzari eta zazpi herrialdeetako dantza taldeak gomitatu dituzte. Hala ere, sorkuntzak eskaintzeko eskaria egin zieten taldeei, eta hiruk bederen sorkuntzak eskainiko dituzte Herri Urratsen. Garaztarrak taldeak Kontrapas lana aurkeztuko du, eta Zuberoako taldeak Kauteren Balada.
Ikastoletako haurrek egonaldia egin dute artista talde batekin eta ikuskizun bat osatu dute. Herri Urratsen emanen dute, eguerdi aldera. Ikuskizunak Etxe zaharretik amets berrira du izena.
Aurten 40 autobus inguru antolatuko dituzte Ipar Euskal Herrian Senperera joateko. Dagoeneko txartelak salgai daude, bost eurotan. Txartelak erosi nahi dituenak herriurrats.com webgunean egin dezake. Bertan atzeman dezakete ere autobus zerbitzua duten herrien zerrenda eta dagokion ordutegia. Aintzira eta Senpere arteko lotura egiteko lau autobus egonen dira. Bi kilometro horietan etengabeko joan-jinak eginen dituzte autobusek. Horren helburua da aintzirara hurbiltzen diren autoen kopurua apaltzea. Hego Euskal Herritik bertze 40 autobus inguru igurikatzen dituzte.
Gisa berean, gazteak autobusak baliatzera deitu dituzte antolatzaileek. Gogorarazi dute Poliziak errepideetan alkohol probak egingo dituela. Besta giro onean egin ahal izateko eta itzulerako bidaia arazorik gabe egin ahal izateko, autobus horiek baliatzeko gomita egin dute antolatzaileek.
«Aurten edalontzi berrerabilgarriak baliatuko ditugu lehen aldiz, bi gunetan», erran du Alain Bosqek. Ostatuetatik hasita, bereizketa tokian berean egitea eta biharamuneko garbiketa lana aitzinatzea da helburua, bide batez ingurumena zainduz. Karia horretara, Bizi Garbia hondakinak tratatzeko erakundearekin hitzarmena dauka Seaskak. Euro batean salduko dituzte edalontziak. Xalbador ikastegiaren aldeko keinu gisa, egunaren bukaeran edalontzi horren balioa Seaskari emateko eskatu dute Herri Urratseko antolatzaileek, eraikuntza lanak diruz laguntzeko.
Herri Urratsen etekinak Xalbador ikastegira joanen dira aurten ere
Euskararen militanteei eta euskaltzaleei dei egin diete, euskararen geroa herritarren esku dagoela nabarmendurik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu