«Herriari erabakitzen uzteko» eskatu die Bilduk estatuei

Giza eskubide guztiekin konpromiso «ukaezina» dutela eta bozetan egongo direla diote koalizioko kideek

Pello Urizar, Itziar Ameztoi eta Oskar Matute Bilduko ordezkariak, atzo, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak «mehatxu» egin dute esanez Bilduren zerrendak baliogabetuko dituztela, eta koalizioko kideek salatu egin dute hori. Pello Urizar, Oskar Matute eta Itziar Ameztoi koalizioko ordezkarien ustez, «Europako demokrazien aurrean onartezina eta aurkeztezina da» aukera politiko «guztiz demokratiko bati» hauteskundeetarako bidea oztopatu eta baldintzatu nahi izatea. Haien iritziz, baina, «alferrikakoa» izango da Espainiako Gobernuaren ahalegina, Bilduk giza eskubide guztiekin duen konpromisoa «ukaezina» delako eta ezin izango dutelako «inongo frogarik» aurkitu haren aurka jotzeko. Hala, Bildu maiatzeko hauteskundeetan egon egongo dela ziurtatu dute koalizioko kideek.

Gasteizen egin dute agerraldia koalizioko ordezkariek. Salatu dutenez, hauteskundeei begira «independentistek eta ezkerreko subiranistek» mehatxatuta ikusten dituzte beren eskubide politikoak. Hala, dei egin diete Espainiako eta Frantziako estatuei politika judizializatzeari uzteko, «politikari bidea emateko» eta «herriari erabakitzen uzteko». Gainerako alderdi politikoei, berriz, Bilduren zerrendak baliogabetzeko mehatxuaren inguruan duten jarrera argitzeko eskatu diete: «Zer dute esateko Lopezek, Sanzek eta Urkulluk? Ez digutela kanpainarik egingo esan dute, baina ez dute ezer esateko mehatxu horien inguruan?», galdetu dute.

Frantziako tiroketa

Indarkeriaren erabileraren inguruan Bilduk duen jarrera «argia» dela azpimarratu du Matutek. «Biolentzia egoera gainditzeko dugun borondatearen inguruan zalantzarik ez dago. Indarkeria mota guztien aurka gaude, baita ETArenaren aurka ere». Modu horretan erantzun die Bilduk asteburuan Frantzian izandako tiroketa «gertakari» gisa definitzeagatik jasotako kritikei. «Ez dugu onartuko giza eskubide guztien alde dugun apustua zalantzan jartzea, ez eta inork esatea zein den erabili behar dugun terminologia», ohartarazi du Urizarrek.

Bake bidea «luzea» izango dela eta tartean «oztopoak» ere egongo direla azpimarratu dute koalizioko ordezkariek. Hori horrela, ezinbestekotzat jo dute Harremanetarako Nazioarteko Taldea desarmea egiztatzeko lanean hastea, indarkeriarik gabeko agertoki bat lortzeko lehen urrats gisa. «Lehenbailehen iritsi behar dugu normalizazio egoera batera», adierazi du Urizarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.