Gure Esku Dago-k 150 batzorde pasa dauzka Euskal Herrian. Irizpide batzuen arabera, bakoitzak autonomiarekin jokatzen du erabaki eskubidearen alde. Oiartzunen, politikarien artean batasuna lortu dute; Bergaran, gainditu dute hondakinen auziak eragindako zatiketa; Portugaleten, egoera sozioekonomikora egokituta ari dira lanean.
Oiartzun
Erabaki eskubideak batu ditu
Egoera politikoagatik Oiartzunen (Gipuzkoa) ere lubakiak, arazoak eta liskarrak izan dira urteetan. Apirilaren 13an, baina, ezohiko irudi bat osatu zen: trantsizioaz geroztik udal ordezkari izandako askotariko lagunek elkarrekin argazki bat atera zuten erabaki eskubidearen alde, bertako Gure Esku Dago-k sustatuta. Haren esanetan,"egun historikoa izan zen. Nahiz eta ideologia ezberdinak eduki, oinarrizko eskubide baten inguruan elkartu egin ziren". Ezker abertzaleko talde desberdinetako, EAJko, Hamaikabateko (H1), EAko, Aralarreko, Ezker Anitzako, PSE-EEko eta Bilduko 50en bat hautetsi edo hautetsi ohi bildu ziren. Haien artean, Xabier Iragorri (ezker abertzalea), Lore Leanizbarrutia (EAJ) eta Xanet Arozena (H1!).
Iragorriren aburuz, "esanahi handiko irudia" izan zen apirilekoa. Arozenak adierazi du bere taldeetan —EA eta Oiartzun Baikoa ere izan zen lehen— hautetsi izandako batzuentzat "zaila" izan zela argazki hartan ateratzeko eskaerari baiezkoa ematea, "oraindik min handia" dagoela iritzita. "Batzuk ahalegin pertsonal handia egin behar izan dugu". Une hartan "tentsio handia" egon zela esan du. "Duela urte batzuk ezinezkoa izango zen argazki hau lortzea, ETA jardunean baitzen, sektore bat legez kanpo...". "Aro berri batean gaude", erantsi du EAJko zinegotzi ohiak.
"Beraz, Oiartzunen hau posible izan bada, beste herrietan zergatik ez?", galdetu du Iragorrik. Arozenak halako "ariketak" egiteari garrantzia ematen dio. Leanizbarrutiaren arabera ere ona da "urrats txiki batzuk" egitea aurrera joan ahal izateko. "Sufrimendu handia jasan da, baina ezin gara beti atzera begira egon", dio EAJko kideak, eta formak zaindu beharraz mintzatu da: "Jendea batzeko garaian oso garrantzitsua da errespetua eta formak zaintzea. Izan ere, gertatu izan da jende asko biltzea, baina batek atzamarra sartu, hitza ez bete eta guztia izorratzea".
Sareak eta hariak
Ezker abertzaleko hautetsi ohiak —alkate izana da— aipatu du "euskaldunak beti defentsan eta ukatuta" egon direla, eta iritsi dela "irtenbidea" aurkitzeko garaia. "Gure Esku Dagok oso planteamendu ona du egina: herritarrek mugitu egin behar dute, bildu, eztabaidatu, desberdinen arteko konfiantza eraiki... Herritarrengan dago saretzea lortzea, eta alderdi politikoek babestu egin beharko dute. Bide hori egiten bada, desadostasunak konponduz joango gara. Gainera, abertzale ez den jende batek ere onartzen du erabaki eskubidea, eta batura hori eginez joan behar dugu denok. Hemen, zailena da denok elkartzea eta denok elkarrekin aurrera joatea; horra iritsi behar dugu".
Arozena H1-eko zinegotziarentzat "oinarrizko printzipio bat da erabaki eskubidea", eta horren inguruan politikarien artean ere "komunikazio hariak zabaltzea" ezinbestekotzat du.
Leanizbarrutiak "errespetua" agertu die gizarte mugimenduei eta haien aldarrikapenei, "baina kontuan izan behar da demokraziaren oinarririk handiena alderdi politikoak eta erakundeak direla". Arozenak elkarlana aipatzen du: "Herritar mugimendu baten eta erakunde publikoen arteko elkarlanik ez badago, gauzak nekez atera daitezke".
Erabaki eskubidearen alde Juan Jose Ibarretxek (EAJ) Eusko Jaurlaritzako lehendakari zela egin "ekarpena" azpimarratu du Leanizbarrutiak. "Ibarretxek historian arrastoa utzi zuen erabaki eskubidea Espainiako Kongresuan defendituta. Herri honentzat mugarri bat izan da. Erakutsi zuen indarkeriarik gabe eta legeak emandako zilegitasunarekin posible dela erabaki eskubidea aurrez aurre defenditzea".
Iragorri eta Arozena ados daude garai hura garrantzitsutzat jota. Bidea egiten segitzeari lotzen zaio H1-ekoa: "Hausturak ez dira bat-batean gertatzen. Historiarako data jakin batzuk geratzen dira, baina beti dira prozesu baten ondorio. Euskal Herrian zer gertatuko den ez dakigu. Legebiltzarreko taldeen gehiengoak babesa emanda Ibarretxek pauso garrantzitsua eman zuen. Urratsak egiten segitu behar da". Iragorrik dio orduan ere ikusi zela Espainiako Estatuak "ukazio jarrera" daukala. "Nola egin aurre? Desberdinen arteko batasuna lortuta". Eta eguneroko lanean arituz eta borondateak bilduz, EAJko kideak dioenez: "Herriak ez dira bi egunetan egiten. Sinatutako 700 tona paperek ez dute ezer balio, borondaterik ez baldin badago".
Bergara.
Herriko bake sozialerako hauspoa
Bergaran (Gipuzkoa), abenduan sortu zuten Gure Esku Dago-ren herri batzordea. Bi arazo zituzten: 1. Martxan nola hasi, artean gaia hotz samar zela. 2. Bergaran hondakin sistemaren bueltan "zatiketa soziala" zegoen. Urte erdi bat pasatu da harrezkero, eta: 1. Gure Esku Dagoren herri batzordeak giza katerako aurreikuspenak gainditu ditu. 2. Erabaki eskubidearen inguruan Bergaran "batasun sozial eta politiko handia" dago.
Balorazio ona egin du, beraz, herri batzordeko kide Asier Larrañagak: "Hasieran hiruzpalau lagun baino ez ginen taldean, lanerako ez genuen elkar ezagutzen, eta lehen bi hilabeteak motel samarrak izan ziren emaitza aldetik. Orain, berriz, astero dozena bat lagun biltzen gara, eta enpresa txiki baten gisa gaude antolatuta: batzuek komunikazio arloa dute, besteek harremanena, besteek diru kontuena... Eta, gainera, nolabait esanda, bake soziala lortu da herrian erabaki eskubidearen inguruan; zubi moduko bat izan da hautsita zeuden harreman batzuk berreraikitzeko".
Ekin ziotenean, taldea zabaltzeari eta aniztasunari eman zioten garrantzia, Larrañagak kontatu duenez. "Buelta asko eman genizkion buruari: nola egin aurkezpena, noiz, aurretik talde eta jende bat lotu ala ez...". Elkarteetara jotzen hasi ziren: erretiratuen elkartera, Lokarri sarera, eta abarretara. Oro har, harrera ona jaso zuten, baina bazen jenderik erantzuten ziena Gure Esku Dago-rekin bat egiten duela baina alderdi diziplinagatik artean ezin zuela jendaurrean babesik azaldu. Hondakinen auziak "herria zatitua" zeukan, "udaletxean, familietan eta lagunartean ika-mikak zeudelako", eta Bergarako Gure Esku Dago-k "kolore denetako" jendea batu nahi zuen. "Ez zen garairik onena, baina saiatu beharra zegoen".
Martxoaren 22rako jarri zuten herri aurkezpena. "Ondo atera zen", dio Larrañagak. Baina erabaki eskubidearen aldeko parte hartze, zabaltasun eta hedapen handiagoa gura zuten. Hurrengo hitzordu garrantzitsua: apirilak 12, katalanen giza gazteluak Bergaran. Arrasateko batzordearekin batera antolatu zuten eguna. "Aurkezpenak oinarri handi bat eman zigun, eta giza dorreen ekitaldiak, oihartzun handia. Arrakasta bat izan zen". Ordu eta erdian giza katerako 250 metro saldu zituzten.
Apirilaren 12tik, Bergaran giza katearen aldeko mugimendua haziz joan da, "nabarmen". Alderdi abertzale denak inplikatuta ikusten ditu Asier Larrañagak. "PSEn mugimendurik izango dela uste dugu. Orain alderdi diziplina betetzen dute; hala aitortu digute. Baina erabaki eskubidea printzipio demokratiko bat da, eta PSEkoek ere bere egingo dute; gazte jendeak errazago"
Oraingoz, 900 txartel pasa salduak dituzte; 600eko xedea zuten abenduan. Dena dela, zenbakiei baino gehiago, aniztasunari, prozesuari edota herri giroari ematen diote Bergarako Gure Esku Dagokoek garrantzi handiagoa. "Babes eta batasun hau hauspoa da. Erabaki eskubidea elkargune bat da".
Portugalete.
Ezkerraldera egokitutako diskurtsoa
Inoiz, erabaki eskubidea baliatuta, Euskal Herriaren etorkizun politikoaz galdeketa egiten bada, Bizkaiko Ezkerraldeak zeresan handia izango du, 220.000 lagun bizi baitira Barakaldon, Portugaleten, Sestaon eta Santurtzin —Euskal Herriko biztanleriaren %14—. Beste faktore batzuk: gaur egun PSEk indar handia du, eremu erdalduna da, etorkin askokoa. Eta langabezia handikoa: aurtengo lehen hiruhilekoko datuen arabera, %21,6; Euskal Herriko datuetatik bospasei puntu gora daude han. Gauzak horrela, Ezkerraldean erabaki eskubidearen ideia lantzean lehentasun eta mezu propioak dituzte, Portugaleteko Gure Esku Dago-ren batzordeko Jon Ander Otxoak dioenez: "Demokraziaz gain, sozioekonomia da hemen landu beharreko arloa".
Bizkaiko Labe Garaiek Ezkerraldean garatu zuten euren jarduera nagusia —bereziki, Barakaldon eta Sestaon—, 1902tik 1996ra. Izan ziren garai onak; txarrak ere bai, oraingoak bezalakoak. Bizkaiko Gure Esku Dagoko kide batek kontatzen du Sestaoko bizilagun batzuek behin nola esan zieten garraioa ordaintzeko arazoak dituztela eta elkarri laguntzen ibiltzen direla. Otxoaren esanetan, Portugaleten antolatu duten hitzaldirik garrantzitsuena sozioekonomiari buruzko bat izan da, Antton Borja EHUko irakasleak emandakoa. "Jende asko azaldu zen, langabeziak kezka handia sortzen baitu hemen. Guk zabaltzen dugun ideia da euskal herritarrok hartuko bagenitu geure erabakiak, hobeto bizitzeko aukera genukeela". Beste hiru herrietan ere badira Gure Esku Dago batzordeak; antzeko egoerak eta egitekoak dauzkate.
Portugaleten taberna batean hasi ziren bilerak egiten. Orain bulego bat dute; EAJko kide batena da, alderdiak hauteskundeetarako erabiltzen duena. Ezker abertzaleko jendea ere batu da herri batzordera. PSEko batzuk ere bai: Jon Ander Cobos, alderdiko gazte taldeko kidea, eta Mikel Marin, herriko udal hauteskunde batzuetan PSEko alkategaitzarako aurkeztu zena; Otxoak dioenez, biek "ideologiari baino garrantzi handiagoa ematen diote demokraziari".
Dena dela, Portugaleteko Gure Esku Dago "sigletatik haratago" ari da lanean. Sentsibilitate desberdineko jendea bildu nahi dute erabaki eskubidearen alde, jakinda Ezkerraldeak ezaugarri jakin batzuk dituela. "60 urtetik gorako jende ugari dago, eta etorkinak dira asko, espainiarrak. Gazteek halako gaiekiko ikuspegi zabalagoa dute".
Hauteskundeetako joera, behintzat, aldatuz doala dirudi. 2011ko udal bozetan PSEk eta PPk Ezkerraldeko lau herrietan 44,5 mila boto erdietsi zituzten (40 hautetsi) eta EAJk eta Bildu+Aralarrek 49,8 mila boto (46 hautetsi). 1999an izan ziren legez kanporatzerik gabeko aurreko udal bozak: Barakaldon, Portugaleten, Sestaon eta Santurtzin PSEk eta PPk 61,7 mila boto (49 hautetsi) eta EAJk eta EHk 44,5 mila boz (36 hautetsi).
Denbora behar
Eragiteko denbora beharko dela nabarmendu du Otxoak. "Katalunia aipatzen da orain asko, han transbertsaltasun handia dagoela. Ados. Baina han, beste faktore batzuen artean, urteetan pedagogia lana egin dute, eta Euskal Herrian oraindik ez da urtebete erabaki eskubidearen aldeko dinamika sortu zela. Gainera, ez da gauza bera Gipuzkoako Goierrin hori lantzea edo Ezkerraldean".
Eskozia ere badu hizpide Portugaleteko batzordeko kideak. "Eskoziako adibidea azaltzen diogu jendeari: haren independentzia nahi ez duen gobernu batek —Erresuma Batukoak— galdeketarako baimena eman duela baina, agian, independentziaren aurkako botoa nagusituko dela. Beraz, demokrazia kontua dela esaten diegu".