Herriko izena euskaratzeko eskatu dute Faltzesko zenbait herritarrek

Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde, agiri bat bidali diete udaleko agintariei; 175 sinadura jaso ditu testuak

Erredakzioa
Iruñea
2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Euskaraz bizi nahi dute. Argi dute hori Faltsezko (Nafarroa) euskaldunek. Eta halaxe ezagutarazi diote herriko udalari. Herriko izena euskaratzeko eskatu diote. Hainbat biztanlek jarri dute martxan ekinbidea, eta horri esker, euskaraz bizitzeko eskubidea jasotzen duen agiri bat plazaratu dute; 175 sinadura bildu dituzte. Agiri hori udaletxean aurkeztu dute aste honetan bertan, herriko agintariek jaso dezaten.

«Agiri hau sinatzen dugunok adierazi nahi dugu euskaldunok Faltzesen euskaraz bizitzeko eskubidea daukagula, Faltzes herria existitzen dela esan nahi dugu», erran dute sinatzaileek. Ondorioz, eta lehen urrats gisa, udalari herriaren izena euskaratzeko eskatu diote: «Herriko sarrera-irteeretan Faltzes izena jaso dezala eskatzen diogu udalari».

Joan den ekainaren 4an ospatu zuten Faltzesen Euskararen Eguna, eta haren harira hasizen herriko euskaltzale talde bat euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko kanpaina antolatzen.

Sinadurak biltzea izan zen kanpainako lehendabiziko ekintza. Ekainean hasi, eta geroztik herrian egin diren bertzelako ekitaldietan aritu dira kanpainaren bultzatzaileak lanean.

Lan horren emaitza da orain Faltzesko Udalari igorritako agiria. Asmoa da normalizazioa lortzeko urratsak egitea herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.