'Herriko tabernen' auzian 39 lagun epaituko ditu Auzitegi Nazionalak

39 auzipetuetatik hamarrek jarritako azken helegiteak ez ditu onartu Espainiako Auzitegi Nazionalak

Espainiako Polizia, 2002an, Iruñeko Jarauta kaleko Herriko Taberna miatzen. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2011ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Herriko tabernak ETAren diru iturri gisa erabiltzea egotzita Espainiako Auzitegi Nazionalak zabalik duen 35/02 auziak ez duoraindik epaiketa egunik, baina egin egingo da, eta 39 pertsona epaituko dituzte. Berri agentzien arabera, epaiketa aurten egiteko asmoa dute.

Auzipetzeen inguruan hamar inputatuk jarri zituzten azken helegiteak atzera bota ditu Auzitegi Nazionak, eta beraz, sumarioan akusatutako guzti-guztiak epaituko dituzte ETAko kide izatea edo hari laguntza ematea egotzita. 372 urteko kartzela zigorra eskatzen du Fiskaltzak guztira; zortzi eta hamabi urte arteko zigorrak bakoitzarentzat.

Adolfo Araiz, Karlos Rodriguez, Mikel Arregi, Juan Pedro Plaza, Floren Aoiz, Jose Luis Elkoro, Karmelo Landa, Josu Iraeta, Santiago Hernando eta Jose Antonio Egidok ez zitzatela epaitu eskatuz aurkeztutako helegiteei ezezkoa eman zien atzo auzitegiak. Horiek ere epaituko dituela erantzun zien. Horrenbestez, 39 lagun epaitukodituzte.

Aurretik aipatutako hamarrez gain, beste 29 kide daude auzipetuta. Tartean, ezker abertzaleko buruzagi esanguratsuak: Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Joseba Permach, Joseba Alvarez, Juan Kruz Aldasoro, Esther Agirre, Jasone Manterola, Kepa Gordejuela, Isa Mendiola, Segundo Lopez de Aberasturi, Antton Morcillo, Xanti Kiroga, Jon Gorrotxategi, Jose Luis Franco, Maite Amezaga, Joseba Garmendia, Juan Francisco Martinez Betanzos, Iñaki Lizaso, Jaione Intxaurraga, Ruben Andres, Enrike Alaña, Agustin Rodriguez, Patxi Bengoa, Idoia Arbelaiz, Izaskun Barbarias, Sabin del Bado, Bixente Enekotegi, Pedro Felix Morales eta Andres Larrea.

Sei, epaituta dagoeneko

Akusazio bera eginda jadanik epaitu zituztela argudiatuta eskatu zuten 35/02 auzian ez epaitzeko helegitea aurkeztu zuten hamar lagunetik seik. Egozten dizkieten delituak dagoeneko iraungita daudela argudiatu zuten beste hiruk. Karmelo Landaren kasuan, akusaziokoek delitua ikusi duten gertaerak izan zirenean europarlamentari zela argudiatu zuen, eta kargu horrek immunitatea ematen duela ohartarazi. Argudio guztiak atzera bota ditu Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko5. Epaitegiak, fiskalari eta akusazio gisa ari diren Dignidad y Justicia eta AVT elkarteei arrazoi emanda.

Araiz, Rodriguez, Arregi, Plaza eta Aoiz Herri Batasunaren Mahai Nazionalaren aurka 1997an egindako ahozko saioan epaitu zituzten, ezker abertzaleko beste hamazazpi kiderekin. Zazpina urteko kartzela zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak ETAren Alternatiba Demokratikoa bideoa zabaltzeagatik. Bi urte geroago, absolbitu egin zituen Auzitegi Konstituzionalak.

Bost auzipetuek argudiatu zutenez, ETAri laguntza eman izana leporatuta epaitu zituzten orduan, eta, beraz, ezin dituzte orain berriz akusazio berarekin epaitu. Auzitegiak, ordea, orduan epaitutako ekintzak eta orain epaitu nahi direnak desberdinak direla esan du, eta, beraz, atzera bota du bosten eskaera.

Elkoro 18/98 auzian epaitu eta zigortu zuten, baina auzitegiak argudio bera erabili du ez dela gauza beragatik birritan epaituko arrazoitzeko: orduko eta oraingo akusazioak desberdinak direla esan du.

«Delitu iraunkorra»

Auzitik kanpo utz zitzaten eskatzeko, Iraetak, Hernandok eta Egidok argudiatu zuten egozten zaizkien delituak iraungita daudela. Auzitegiak adierazi duenez, baina, erakunde armatuari laguntza ematea «delitu iraunkorra» da; beraz, ez da iraungi.

2002ko apirilean hasi zuen Batasuneko kideen aurkako auzia Baltasar Garzon epaileak. 11 pertsona atxilotu eta 75 herriko taberna bahitu zituen, badaezpadako neurri gisa. Administratzaile judizialak ere ezarri zituen, tabernen diru kontuei jarraipena egiteko.

Garai haietan europarlamentaria zela azaldu zuen Landak; beraz, immunitatea zuela. Akusazioa agintaritza hartatik haratago doala esanez bota du atzera Landaren helegitea auzitegiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.