«Josu aske uzteko erabakia atzeratzeak giza eskubideen urraketa eta gatazka egoera betikotzea nahi dutenen mendeku gosea islatzen du», adierazi du Iñaki Egañak. Donostiako Ospitalean diren gose grebalarietako bat da Egaña, eta salatu du Uribetxebarriari buruzko erabakia atzeratzeko argudioak «aitzakia onartezinak» direla, eta presoa hiltzera eraman nahi dutela. Gaur hamalaugarren eguna beteko du gose greban Uribetxebarriak.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak atzeratu egin zuen Uribetxebarria aske uzteko erabakia, astelehenean. Jaso dituen txostenak nahikoa ez zirela argudiatu zuen Fiskaltzak, eta erietxeko osasun txostena «osatzeko» eskatu. Espetxe Zuzendaritzak hirugarren gradua eman zion presoari ostiralean, eta Angel Yuste idazkari nagusia baldintzapean aske uztearen alde ere agertu zen astelehenean.
Gorabehera horiek «aitzakia onartezintzat» jo dituzte Herrira mugimenduak eta EH Bildu koalizioak. Egañak adierazi du Uribetxebarriaren eta bere familiaren sufrimendua luzatu nahi duela PPren gobernuak, eta ohartarazi du egoera hori luzatzeak «zorigaiztoko amaiera» bat ekar dezakeela edozein unetan. «Egoera hau ezin da errepikatu», gaineratu du, eta aldarrikatu du espetxe politikak «mendeku eta errepresio gakoetatik konponbide gakoetara» igaro behar duela. Horregatik, mobilizatzen jarraitzeko deia egin du Herrira-k: «Arduraz jokatzeko garaia da, guztion artean bakea eta konponbidea eraikitzeko garaia».
EH Bildu koalizioko kide Amaia Agirresarobek (Alternatiba) gogorarazi du kalean egoteko legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen dituela Uribetxebarriak, eta salatu du «mendekuzko erabaki politikoa» izan dela hura preso edukitzea. Maiorga Ramirez (EA), Maribi Ugarteburu (ezker abertzalea) eta Xabi Lasa (Aralar) izan dira prentsaurrekoan, Agirresaroberekin batera. «Josuk aske egon behar luke», esan dute, eta aldarrikatu dute euskal gizartearen gehiengoaren nahia ere hori dela. Espainiako Barne Ministerioaren, Fiskaltzaren eta Espetxe Zuzendaritzaren arteko «ika-mika» dela eta,EH Bilduko kideek gogorarazi dute denak direla Espainiako Estatuaren parte, eta adierazi dute berriz ere agerian geratu direla estatu horren gabeziak. «Ausardia falta» eta Euskal Herriko gatazka «arreta desbideratzeko erabiltzea» egotzi dio koalizioak PPren gobernuari. Espainiako Kongresuko diputatu Xabier Mikel Errekondok (Amaiur) esan du ez dela inoren buruan sartzen iheslariak eta presoak dauden bakerik.
Gero eta babes handiagoa
Ehundik gora lagun izan ziren atzoko elkarretaratzean. Haien artean, kultur, kirol, politika eta irakaskuntza arloetako pertsona ezagun ugari: Arkaitz Miner eta Itsaso Gutierrez musikariak; Borja Mendioroz, Gorka Sagastume eta Josune Gorostidi kirolariak; Iratxe Retolaza eta Fito Rodriguez EHUko irakasleak; Mikel Laskurain aktorea; Jesus Valencia idazlea... Bertan egoterik izan ez zuten arren, euren babesa agertu dute Juan Mari Irigoien idazleak, Mikel Aranburu eta Igor Jauregi futbolari ohiek, Irati Anda eskalatzaileak, Silvia Delgado poetak... Nazioartetik ere iritsi dira atxikimenduak; besteak beste, Arnaldo Perez historialari eta kazetari txiletarrarena eta Susana Etchegoyen Buenos Airesko Hiri Autonomoko (Argentina) diputatuarena.
Bestalde, Donostiako Ospitaleko eta Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko eguneroko mobilizazioak aurrera doaz. Nafarroako Gobernu Ordezkaritzak iragarri du lurralde horretako mobilizazioen berri emango diola Espainiako Auzitegi Nazionalari, «terrorismoaren gorazarrerik» baden iker dezan. Espetxeetan ere protestan jarraitzen dute euskal presoek; gehienek, gose greba mugagabean. Gainera, Gonzalo Rodriguez presoa —62 urte ditu— erietxean dago joan den larunbatetik, Ciudad Realen (Espainia).
Herrira-k «bake egoera atzeratu nahi dutenen aitzakiak» salatu ditu
Mugimenduak dio erabakia atzeratuta Uribetxebarria hil nahi duela gobernuak; EH Bilduk «mendeku jokabidea» salatu duHainbat arlotako pertsona ezagunek babesa agertu diote Herrira-ren aldarrikapenari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu