Herrira mugimenduak presazko «deialdi orokorra» egin die «pertsona guztien giza eskubideen, bakearen eta konponbidearen alde dauden herritarrei», bihar Bilbon egingo den manifestazioan parte har dezaten. 12:30ean abiatuko da martxa, Euskalduna jauregitik, Giza eskubide guztiak, euskal presoak Euskal Herrira lelopean, eta Moyua plazarainoko bidea egingo du. Josu Uribetxebarriaren eta larri gaixo diren beste hamahiru presoak aske uzteko aldarrikatuko dute bertan, «halakorik berriro gerta ez dadin».
Herrira-ko kide Fran Baldak esan duenez, euskal gizartearen gehiengoak «bake inklusibo bat» sortu nahi du, eta ez du nahi heriotza gehiagorik. Baldak salatu du duela bost urte minbizia atzeman ziotenetik izan duela Espainiako Gobernuak Uribetxebarriaren egoera konpontzeko aukera: «Orain, zoritxarrez, ez du bueltarik». Gainera, presoa aske uzteko prozeduraren abiadura dela eta, gakoa borondate politikoa dela uste dute Herrira-ko kideek. Adibide gisa, Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jeneral ohiaren kasua ekarri dute gogora. Bestetik, hau guztia «tragedia handi bat» bat dela adierazi dute, eta ez «inongo ikuskizuna». Izan ere, Iñigo Urkullu EAJren EBBko buruak afera «ikuskizun politiko» ez bihurtzeko eskatu zuen.
Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaiak berriz, Uribetxebarriaren eta larri gaixo diren presoak berehala aske uzteko aldarrikatu zuen, atzo, Donostiako Ospitalean. Bertan egindako elkarretaratzean, Mintegik salatu zuen Espainiako Estatua ez dela zuzenbide estatu gisa jokatzen ari: «Espainian begia begi truk egiten ari dira, eta Europa demokratiko batean ez dago halakorik onartzerik». Koalizioko Herritarren Askatasunak arloko arduradun Julen Arzuagak, berriz, giza krisi gisa izendatu zuen egoera «tamalgarri» hori amaitzeko eskatu zion PPren gobernuari. Ondoren, elkarretaratzean zen jendeari mintzatu zitzaion Mintegi, eta animoak eman zizkien guztiei: «Egunero fisikoki egon ezin dudan arren, zuekin nago».
Bihar LAB sindikatua izango da Donostiako Ospitalean, eta langile eta herritarrei dei egin die biharko manifestazioan parte har dezaten. AVT elkarteak berriz, mobilizazioa debekatzeko eskaria egin du Espainiako Auzitegi Nazionalean.
Indartuz doan eskaera
Uribetxebarriaren osasuna larriagotu ahala, eta batez ere, Donostiako Ospitaleak presoaren minbiziak bueltarik ez duela baieztatu ostean, areagotu egin dira presoa aske uzteko eskaerak. Odon Elorza Donostiako alkate ohiak (PSE-EE) presoa berehala askatzeko eskatu du, Twitter sare sozialean. Espainiako Kongresuan PSOEko diputatu da, eta legeak hala ezartzen duela arguadiatu du. ERCko Alfred Bosh diputatuak ere legea betetzeko eskatu du, eta IUko diputatu Gaspar Llmazares ere Uribetxebarria aske uztearen alde agertu da, «gizatasunagatik eta justiziagatik». Elorzaren alderdikide eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek ere Uribetxebarria aske uztearen alde egin du, eta EH Bilduri kasua bere alde erabiltzea leporatu dio. PSOEko antolkuntza idazkari Oscar Rodriguezek, berriz, esan du PSOEk PPren gobernua babestuko duela, erabakia edozein dela ere.
Jose Antonio Bermudezek—Espainiako Kongresuan PPren idazkari nagusia da— Bildu eta Amaiur kritikatu ditu Uribetxebarria askatzearen alde egiteagatik, eta atsekabea agertu du koalizio horiek ez diotelako eskatu ETAri baldintzarik gabe desegitea. EAJk jarrera «isila» duela eta «datorrenari begira» dagoela ere esan du. Hala ere, Bermudezek aitortu du legeak baimentzen duela halako kasuetan presoei hirugarren gradua ezartzea, eta gaineratu du gobernuak ez diela men egingo «xantaiari eta presioei». Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak ere esan du gose grebek eta bestelako protestek ez dutela eraginik izan gobernuaren jarreran, eta ez dutela izango.
Euskal presoak
Herrira-k Bilborako deia egin du, «berriz gerta ez dadin»
Uribetxebarria eta larri gaixo diren presoak aske uzteko eskatuko dute bihar Bilbon egingo den martxan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu