Herrira-k dio Txus Martinek «legez eta eskubidez» aske behar lukeela

Euskal presoaren alde elkarretaratzea egin dute, eta ekainean hiru preso arabarren aldeko kanpaina abiatuko dute

Txus Martin presoaren alde atzo goizean Bilbon egindako elkarretaratzea. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2012ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Txus Martin preso basauriarrak egoera larrian jarraitzen du. Herrira mugimenduak atzo bere askatasuna eskatzeko elkarretaratzea egin zuen, eguerdian, Bilboko Justizia jauregiaren aurrean Preso gaixoak kalera, baldintzarik gabe, Txus askatu lelopean, eta arratsaldean, Moyua plazan. «Beste behin ere Txus Martinen egoera larria azpimarratu behar dugu», azaldu zuen Roberto Noval Herrira-ko eledunak. Haren irudiko, Martinek «ezin du espetxean jarraitu», bere osasun egoera larria delako. «Gaixotasun psikologiko oso larria du, eta bitan saiatu da bere buruaz beste egiten». Azaldu duenez, «legez eta eskubidez» Txus Martinek jada aske egon beharko luke. Ohartarazi du egungo egoerak bere horretan jarraituz gero eskubideen urraketa eta tragedia besterik ez duela ekarriko.

Txus Martin ez ezik, osasun egoera larrian diren beste 13 euskal presoak ere ekarri ditu gogora Herrira-k. Novalek azpimarratu du badela garaia «ankerkeria» hori amaitzeko eta konponbidearen aroari ateak parez pare irekitzeko. Aldarrikapen hori bera egingo dute gaur Galdakaoko ospitale aurrean. Osasun arloko profesionalekin batera egingo da elkarretaratzea.

Auzitegi Nazionaleko zigor arloko bigarren aretoak maiatzaren 3an epaitu zuen Txus Martin, 1993an LeioakoAmaia etorbideko Galizia tabernan lehergailu bat jartzeagatik. Aurretik, taberna eta inguruneak hustu egin ziren, eta Ertzaintzak indargabetu egin zuen bonba. Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak ebazpenean frogatutzat ematen du Martinek atentatu horretan parte hartu zuela, baina, era berean, gertaera horren gaineko atentatu saio delitua preskribatu egin dela iritzi dio. Horregatik absolbitu egin du. Alabaina, Martinek espetxean jarraituko du beste zigor batzuk dituelako bere gain.

Hiru preso arabar, larri

Herrira-k Gasteizen beste prentsaurreko bat eman du, eta, bertan, espetxean 22 urtetik gora daramatzaten eta gaixotasun larri bat duten hiru preso arabarren egoeraren berri eman dute. Presook Jose Angel Biguri, Gotzone Lopez de Luzuriaga eta Jose Ramon Lopez de Abetxuko dira.

Bigurik 22 urte eman zituen Herrera de la Manchako espetxean, eta iazko otsail hasieran topatu zioten prostatako minbizia, analisi batzuk egin ostean. Martxoaren 31n, Martuteneko espetxera eraman zuten, eta Donostiako ospitalean egin diote geroztik gaixotasunaren jarraipena. Urrian prostata kentzeko ebakuntza egin zioten. Gotzone Lopez de Luzuriagari bularreko minbizia atzeman zioten 2007an, eta besteak beste erradioterapia tratamendua eman zioten. Herrira-ren arabera, «begi bistakoa izan da espetxeko egonaldiak izan dituen ondorio larriak», tratamendua jasotzeko «oztopoak eta zailtasunak» izan dituelako. Lopez de Abetxukok, berriz, bihotzeko arazoak izan ditu. Ebakuntza egin badiote ere, arritmiaarriskuarekin jarraitzen du.

Preso arabar horiek zein, oro har, gaixotasun larriren bat dutenak aske uzteko Konpromizina izeneko kanpaina abiatu dute, sendagaietan erabiltzen diren errezeten hizkuntzan, herritarrei konpromisoa eskatuz. «Konpromisoa da erabakiguneetan presioa eragiteko gaitasuna erakutsi duen errezeta, salbuespen neurriak arintzea lor dezakeena», azaldu dute Herrira-ko ordezkariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.