Getxoko (Bizkaia) Udaltzaingoak hizkuntza eskubideak urratu dizkio herritar bati, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta Euskal Herrian Euskaraz-ek gaur eginiko agerraldi batean salatu dutenez. Salaketa jarri duen herritarra eta beste zenbait euskaltzale ere bertan izan dira. Eman duten informazioaren arabera, udaltzainek uko egin zioten herritarra euskaraz artatzeko aukerari apirilaren 24an, nahiz eta haien «betebeharra» izan. Gainera, erantsi dute gertatutakoaren inguruko salaketa jartzera joan zela epaitegira baina inprimakiak gaztelaniaz jaso zituela, eta, beraz, bi aldiz urratu dizkiotela eskubideak.
Koldo Zarate EHE-eko kideak salatu duenez, gertaera hau ez da kasu bakan bat, arazo estruktural baten isla baizik: «Izozmendiaren punta da, sistema osoan euskarak oraindik ere bizi duen egoera ez-normalizatuaren adierazlea». Haren arabera, gertatutakoak erakusten du euskara oraindik «bigarren mailan» dagoela, eta hizkuntza eskubideak ez bermatzea «erabaki politiko batzuen emaitza krudela» dela. Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariaren ustez ere, gertaera hau ez da kasu bakar bat. Jakinarazi du, edozein erakunderekin euskaraz egiteko eskubidea izan arren, herritarrak «babesik eta bermerik gabe» sentitzen direla udaltzainekin zein ertzainekin euskara erabiltzerako orduan.
Instituzioen ardura azpimarratu dute eragileek. Zarateren ustez, Euskal Herrian ez dago «osotasunean» euskaraz bizitzeko aukerarik, eta agintariek herritarren gain jartzen dute horren ardura. Besteak beste, erantsi du hainbat arlotan «egunero» gertatzen direla hizkuntza eskubideen urraketak. Eta Gaubekak ere bat egin du: «Zerbitzua euskaraz bermatzeko dituzten ezintasunak aitortzen dituzte, baina hizkuntza eskakizunetan derrigortasun datarik gabeko lanpostuen deialdiak ateratzen jarraitzen dute». Esaterako, adierazi du urtarrilean eginiko ertzainen eta udaltzainen lan eskaintza publikoko deialdian euskaraz ez zekiten edo hizkuntza «maila egokia» ez zuten pertsonek «atea zabalik» zutela.
Euskararen normalizazioan, beraz, Zaratek administrazio publikoan jarri du arreta: «Euskarak eremu horretan duen egoeraren balantze zintzoa egin, eta, horren ondorio logiko gisa, langile guztien euskalduntzea ziurtatuko duen kontratazio eta funtzionamendu eredua ezar dezatela». Horrez gain, euskaltzaleei dei egin die hizkuntza eskubideen urraketak salatzera, hala nola beraien eskubidea delako zerbitzua euskaraz jasotzea.
Salaketak, gora
Gaubekak ohartarazi du azken urteetan gora egin dutela ertzainek edo udaltzainek hizkuntza eskubideak urratzeagatik jarritako salaketak, eta horrek arazoa gehiago ikusarazi duela: «Herritarrei ez zaie behar bezala bermatzen segurtasun indarrekin euskaraz komunikatu ahal izatea edo euskarazko zerbitzua jasotzea, eta administrazioetan ezartzen diren irizpide berriek ez diete behar bezala aurre egiten muinean dauden arazoei». Areago, gehitu du kasurik larrienetan isunak ere jarri izan direla herritarrek euskaraz hitz egiteko eskaria egitean, poliziek beren aurkako desobedientzia egozten dietelako. «Botere harremana den heinean, horrelako erantzunek areagotu egin ohi dute herritarren babesgabetasuna».