Herritarrak ispiluaren aitzinean jarri nahi ditu Nafarroako Gobernuak

Kanpaina bat jarri du abian, 'Zer egiten duzu zuk berdintasunaren alde?' lelopean. ELAk «zuritze morerik» ez egiteko eskatu die erakundeei

Kanpainaren aurkezpena, atzo, Iruñean. NAFARROAKO GOBERNUA.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak nahi du norbanakoek euren eguneroko jarrerei buruz hausnartu dezatela, eta Martxoaren 8rako ispiluaren aitzinean jarri ditu herritarrak, kanpaina baten bitartez. Ispilua du irudia Emakumeen Nazioarteko Egunerako prestatu duten kanpainak, hain zuzen; eta, leloa, berriz, galdera zuzen bat da, interpelaziozkoa: Zer egiten duzu zuk berdintasunaren alde?.

Atzo aurkeztu zuen kanpaina Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari Eva Isturizek, eta nabarmendu zuen norbanakoen konpromisoa jarri nahi dutela agerian kanpainaren irudiaren eta mezuaren bidez: «Sinbolikoki, pertsona bakoitzak ispiluan duen isla hausnartzeko dei bat da, gutako bakoitzak berdintasunaren aldeko borrokaren alde egin dezakeenaz, eremu pertsonalean, familiakoan, lanekoan, lagunartean edo aisialdian, besteak beste». Hala, herritarrei kanpainarekin bat egiteko eskatu diete, eta, horretarako, hedabideetan, sare sozialetan eta kalean zabalduko dituzte leloa eta irudia, baita Martxoaren 8aren ondoren ere: «Hausnarketa eragin nahi duen kanpaina honek luzaroan irautea da helburua».

Berdintasun Institutuaren 25. urteurrenerako, berriz, iraganeko eta etorkizuneko feministak gogoan hartzen dituen lelo bat hautatu dute: Atzoko emakumeak ausartak izan zirelako, gaur indartsuak gara eta bihar libreagoak izango gara. Isturizek gogoratu duenez, bihar Astelehen Lilak elkartea sarituko dute, urteotan guziotan egindako lanagatik.

Morea zuritzearen aurka

ELA sindikatuak, berriz, «irudi politika gutxiago eta emakumeen benetako berdintasuna lortzeko jarduera zehatz gehiago» eskatu zizkien erakundeei atzo egindako agerraldi batean. Instituzioek egiten dutena «zuritze moretzat» jo du sindikatuak, eta salatu du erakundeek eurek sustatzen dituztela «genero arrakalak». Adibide gisa jarri ditu Eusko Jaurlaritzak azpikontrataturiko EHUko garbitzaileen protestak, Gipuzkoako Foru Aldundiak zahar etxeeko langileen gatazka luzean hartu duen jarrera, edota udalek etxez etxeko laguntza zerbitzuekin «pribatizazioan sakontzeko» erabakia. Hala, erakundeei prekaritatea bultzatzea egotzi die ELAk, eta, hori ikusirik, enplegu duinerako neurriak har ditzatela eskatu du. UGT sindikatuak, berriz, lege aldaketak galdegin ditu emakumeen lan prekaritatea desagerrarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.