«Igandean datozen urteetarako norabidea erabakiko dugu. Asko dugu jokoan. Parte hartzeko eskatzen dizuegu». Eskaera zehatza egin die Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak herritarrei: etxean ez geratzeko eta botoa emateko. EAJk gobernatzea nahi duten herritarrak bozkatzera joan daitezela «konbentzitzeko» eskatu die. Labur hitz egin du Urkulluk Gasteizen egin duen ekitaldi politikoan. Mitin luzerik ez du eman, bainamezu zehatz bat bidali du: «EAJk gobernatzea nahi baduzue, botoa EAJri eman behar diozue».
Gutxi hitz egin duen arren, ekitaldiko protagonista erabatekoa izan da Urkullu. Arabako gizartearen ordezkaritza zabal batekin topaketa egin du EAJko lehendakarigaiak, eta galderak ez ezik, animoak eta laudorioak ere barra-barra entzun ditu: «gardena», «zintzoa», «langilea», «adeitsua», «nekaezina», «prestatua».... Bere hautagaitzari babesa eman dioten pertsona ezagunen ahotik ere entzun ditu gorespenok, bata bestearen atzetik. Izan ere, hautagaiari buruzko lekukotasunak biltzen dituen www.ezagutzendudalako.org atarian ageri diren hainbat pertsona ezagunen iritziak jarri dituzte zenbait bideotan. Irribarre txikia zuela, adi entzun ditu bere buruari buruzko goraipamenak EAJko lehendakarigaiak, Xabier Agirre Arabako zerrendaburua alboan zuela.
Urkullu «gertutik ezagutzeko» topaketa dela azaldu du aurkezleak, eta bertara joan direnei galdetzeko aukera eman die. Pertsona ezagunak batu dira ekitaldira, tartean, Igor Gonzalez de Galdeano, Patxi Ormazabal, Joseba Azkarraga eta Jose Angel Cuerda. Denetariko galderak egin dizkiote Urkulluri, baina denbora neurtua zuen ekitaldiak eta berandutzen ari omen zenez, apur batzuei erantzutea baino ez diote utzi. Bi edo hiru.
Ekitaldia amaitzear zegoenean izan du, ordea, prestatuta zeukan diskurtsoa irakurtzeko aukera.Ordura arte eserita egon den aulkia utzi eta txalo artean hurbildu da atrilera. «Eskerrik asko», esan die babesa ematera joandako arabarrei. «Aurrerapauso bat eman duzue. Zuen konpromisoa azaldu diguzue. Guk ere gauza bera egiten dugu. Gasteiz eta Araba gure konpromisoa da. Bete egingo duguna, hitzematen dut».
Egoera ekonomikoa «oso zaila» dela gogoratu du Urkulluk, eta aitortu du ez dela berehala hobetuko. EAJk ekonomia «berpizteko» eta enplegua sortzeko konpromisoa duela azaldu du, besteak beste, gazte enplegurako osoko plan bat abian jarrita.
Krisialditik ateratzeko bidea zein den argi esan du, halaber: «Denok batera lortuko dugu krisialditik ateratzea». Jeltzaleak «solidarioak» dira eta ez dute inor bazter batean utziko, haren esanetan. Hala, enpleguaren inguruan «herri akordio zabal bat» eskatu du atzera Urkulluk.
Haren ustetan, gainera, krisitik ateratzeko bakea eta bizikidetza sendotzea lagungarria izango dira, bai eta autogobernu handiagoa izatea ere. Krisiari aurre egiteko, baina, «gobernu sendoa» beharrezkoa izango dela ohartarazi du, eta horregatik igandean «laguntzeko» eskatu die herritarrei.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EAJ
Herritarrei igandeko bozetan parte hartzera dei egin die Urkulluk
Arabako gizartearen hainbat alorretako lagunek EAJko lehendakarigaia babestu dute, Gasteizen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu