EH Bai ezkerreko abertzaleen koalizioa «poztu» egin da herenegun herritarrek Nicolas Sarkozyri egindako harreraz. Bisitaren bezperan koalizioak argi adierazi zuen Frantziako presidentea eta UMP zerrendako hautagaia ez zela ongi etorria izango, eta herritarren ihardukipen «masiboak» hori baieztatu duela zehaztu zuen atzo EH Baik, agiri bidez. Zehaztu zuen «elkarretaratzeak erabat bake giroan» iragan zirela, nahiz «UMP alderdia alderantzizko kontaera zabaltzen saiatu».
Euskal preso politikoen hurbilketari buruz egin adierazpena izan ezik, herritarrek eginiko eskakizunei begira «proposamen bakar bat ere» ez duela egin salatu du koalizioak. Hurbilketari dagokionez, hitzetik ekintzetara pasa eta «orain» gauzatu behar duela dio. Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala «berehalakoa» izan behar duela erranik, argi dute Sarkozy harreraz sumindu izanak «ezer ez» duela aldatuko.
Frantziako presidentea herenegun izan zen Lapurdin, kanpainaren kari, eta Itsasun zein Baionan elkarretaratzeak egin ziren. Txistu eta oihu artean pasa zuen Lapurdiko hiriburuan egindako itzuliñoa, eta bertan ziren poliziek herritarren eta Sarkozyren arteko hesia egiteko zailtasunak izan zituzten.
Ezker abertzaleak ere «garrantzizkotzat» jo ditu Sarkozyk egindako adierazpenak. Hala nola, «gatazkak duen dimentsio politikoa aitortu izana» etaprozesua «interes bereziarekin» jarraitzen zuela erran izana «garrantzitsua» dela dio. Batera plataformak bere aldetik, blokeo politikoaren isla ikusi zuen berriz ere Frantziako presidentearen posturan. Michele Alliot-Marie Donibane Lohizuneko UMP diputatuak Batera eta «ETA sustengatu duten erakunde batzuekin» nahitara egin dituen «amalgamak» gogor salatu ditu, gehituz «Euskal Herriko bizi publikoa ezagutzen duen edonorentzat harrigarriak eta onartezinak» direla. Euskal Lurralde Elkargoari buruz Sarkozyk egindako adierazpenak berriz «zinikoak» direla dio plataformak. Ezagupen instituzionalaren aldarria hiru parametro kontuan harturik eraman behar dela aitzina zehaztu zuen Sarkozyk: «Hautetsi gehienek alde izan behar dute, Frantziako Errepublikaren esparruan izan behar du, eta bortizkeriarik gabe eraman behar da aitzina».
Orokorki, elkarretaratzeetan egon ziren lagunen artean poza sentitzen zen herenegun arratsaldean. Irribarretsu eta harrotasun kutsu batekin zebilen bertan egondako jendea.
UMPn, haserre gorria
Irriak ez ziren haatik denen aurpegietan. Oihartzun handia ukan zuen Sarkozyk Baionan ukandako harrerak, eta UMP alderdian sekulako haserrea eragin zuen horrek. Momentuan bertan «gutxiengo baten bortizkeria» salatu zuen Frantziako presidenteak, «gizatxar» batzuen joera salatuz.
«Gizatxar» horien aurpegia zehaztu zen atzo Baionan zein Parisen UMPkoek egindako prentsaurrekoetan. Batetik sozialistak: «Alderdi sozialistako militanteek Nicolas Sarkozy hautagaiari egindako harrera erabat iraingarria da gure demokraziarentzat», Geoffroy Didier Frantzia mailako UMPren idazkariaren hitzetan. Egindako «irainak» berehala gaitzestera deitu du François Hollande sozialisten hautagaia.
Jean Grenet Baionako UMP auzapezak ere gogor salatu zuen herenegun Baionan ziren hautetsi sozialisten joera: «Militante sozialistak hor egotea akats bat zen baina hautetsi sozialistak bertaratzea, hori ezin onartuzko huts-egitea da». Gutuna igorri dio Sarkozyri, «benetako barkamenak» eskatzeko. «Haserre» eta «iraindurik» agertu zen atzo herriko etxean egindako prentsaurrekoan.
Baina sozialisten ondoan, «Bidasoako beste aldetik eta iparralde barne aldetik» etorritako «ezker abertzale erradikalak» ere bazirela deitoratu zuen. Batera plataformako kideak bertan egotea ere «haien onerako» ez dela izan uste du Grenetek, gehituz «plataformako kide guztiek» ez dutela «seguru aski» bat egin gertatutakoarekin.
Abertzale baita sozialistez gain, «altermundialistak, ekologistak, suminduak eta orotarik» bazela zehaztu zuen hala ere Grenetek.
Mezu berdina luzatu zuen Max Brisson Pirinio Atlantikoetako departamenduko UMPko idazkariak ere. Batetik, sozialisten presentzia eta bestetik abertzaleen presentzia zuen gogorki salatu. Sarkozyk Itsasun euskal preso politikoen hurbilketaz eta Ipar Euskal Herriaren ezagupenaz egindako adierazpenak kontutan harturik«are damugarriagotzat» jo zuen abertzaleen presentzia. «Printzipioz» hurbilketaren alde kokatu zen frantziar presidentea eta euskal lurralde elkargoari begira ere ez zuen ezezkoa eman. Adierazpen horiekin «irekidura» erakutsirik, ordu batzuk geroago Sarkozyk «irainak eta mehatxuak» ukan izana «negargarritzat» jo zuen Brissonek. «Hitz egiteko bi izan behar gara; hor ez du UMPk harremana moztu, besteak dira, Batera-koak barne».
Batera plataformako kideak bertan egoteak «gustu garratza» utzi diola zehaztu zuen baita: «Tronpatzen dira pentsatzen badute beldurraraziz dutela haien aldarria aitzinaraziko». Brissonen arabera ere «kaltegarria» izan zen Euskal Herriarentzat herenegungoa. Hori gertaturik «ez nuke nahi Euskal Herria aparteko une baten ondoan pasatu izan dadin...», Brissonen hitzetan. Azkenaldi hauetan euskal hautetsiek Parisen egin izandako adierazpenak ere gogoan ukan zituen, eta argi utzi zuen Baionan gertatutakoaren ondotik mezua pasaraztea «konplikatuagoa» izango dela.
EAJk ere salatu zituen izandako «istiluak»: «Egun horren emaitza, Ipar Euskal Herriko kausari begira, atzera pauso bat da iritzi publikoan».
Herritarrek Sarkozyri egindako harreraz «poztu» egin da EH Bai
Ezker abertzaleak «garrantzizkotzat» jo du jendaurrean aitortu izana Euskal Herriko gatazkak alde politikoa duelaFrantziako presidenteak Baionan ukandako harrerak kexu gorria piztu du UMPn
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu