Herriko jaietan zezenketak egiten jarraitu edo ez erabakiko dute aste honetan Karrantzan, Bizkaian. Gaur izan dute botoa emateko lehen eguna, eta herritarren %15 inguruk parte hartu dute. Zehazki, 382 herritar joan dira beren iritzia agertzera.
Jaieguna dute gaur Karrantzan, eta aukera baliatu dute, galdeketa egiteko. Igandean berriz irekiko dituzte boto kutxak —udaletxean, 11:00etatik 14:00etara—, herritik kanpo lan egiten dutenek ere botoa emateko aukera izan dezaten.
Udalak antolatu du herri galdeketa, eta esan du emaitza bete beharrekoa izango dela, parte hartzea edozein dela ere.
Berez, jaietako batzordeak egin zion proposamena udalari, galdeketa egiteko. Iraileko zezenketan 7.000 euro baino gehiago gastatzen dituztela eta jaietarako 13.000 euroko aurrekontua dutela aintzat hartuta, zalantza agertu zuen jai batzordeak, ea zezenketekin jarraitu edo ez.
Orain arteko parte hartzearekin pozik agertu da alkatea, eta herritarrak animatu ditu botoa ematera.