Mikrobiologoa eta EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko irakaslea

Joseba Bikandi: «Herritarren erosotasunaren eta segurtasunaren arteko muga non jarri erabaki behar da»

Maskarak erabiltzea gomendatu du Bikandik, nahiz eta ziur den horien erabilera derrigortzea erabaki politikoa dela.

JOSEBA BIKANDI
Joseba Bikandi, artxiboko irudi batean. BERRIA
nerea intxausti
2024ko urtarrilaren 11
05:00
Entzun

Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak derrigortu egin du ospitale eta osasun zentro guztietan maskara erabiltzera. Neurriaren erabilgarritasunaz mintzatu da Joseba Bikandi mikrobiologo eta EHUko Farmazia Fakultateko dekanordea, baita erabakiaren kutsu politikoaz eta norberak egin beharreko hautuez ere. 

Maskara erabiltzea neurri eraginkorra da? 

Maskara oso eraginkorra da; inork ez du hori zalantzan jartzen. Geuk jarri beharko genuke, geure kabuz, geure burua zaintzeko, eta egoeraren arabera mota batekoa ala bestekoa aukeratu: zulo gehiagokoa ala gutxiagokoa. Erosotasunagatik edo besteek arraro begiratuko digutelako kezkagatik, ez dugu jartzen maskara, baina gomendagarria da. Ez COVIDagatik bakarrik: gripetik edo beste birusetatik ere babestu gaitzake. Orain, gripea ari da gogor jotzen, eta gogoratu behar da gripeak ere hil egiten duela: 5.000tik gora pertsona hiltzen ditu [Espainiako] estatuan urte arrunt batean; urte txarra bada, halako bi. 

Egokia da denean derrigortzea, leku bakoitzeko intzidentzia aintzat hartu gabe?

Ez dut esan nahi derrigorrezkoa izan behar duenik, baizik eta beharren araberakoa. Kontuan hartu behar da ospitaleek gainezka non egin duten, eta kasuen zer-nolako gorakada espero den horietan. Erkidego batzuek ez lukete derrigortzea hautatuko, egoera jasangarria dute eta; baina politikariek dute erabakia hartzeko ahalmena, eta beren ideien arabera erabakitzen dute, horretarako eman diegu botoa. Neurri handi batean, maskara erabiltzera behartzeko erabakia politikoa da teknikoa baino gehiago: ez daukat zalantzarik. 

Nola uler daiteke halako erabaki bat politikoa izatea zientifikoa baino gehiago?

Adituoi galdetuz gero –epidemiologoei, mikrobiologoei…–, argi dugu maskara erabiltzea baliagarria dela. Are gehiago jende asko badabil ospitaleetan edo osasun zerbitzuak gainezka egitear badaude gripe garaia delako. Gainera, gure lurraldeetako populazioa estatuko zaharrenetan bosgarrena da, eta zenbat eta populazio helduagoa izan, orduan eta arazo gehiago izaten dira. Egoera lausotzeko mekanismo egokia da maskara; erantzuna argi dago. Gero, herritarren erosotasunaren, hau da, maskararik ez jartzearen eta segurtasunaren arteko muga non jarri erabaki behar da –segurtasunarekin lotuta, ikusi behar da ospitaleetan zenbat ohe dauden erabilgarri, medikuak kutsatu diren…–; eta erabaki hori politikariek hartu behar dute, teknikarien iritzia kontuan hartuta. 

Nahikoa da ospitale eta osasun zentroetan bakarrik derrigortzea maskara erabiltzera?

Ospitale eta osasun zentroetan metatzen dira gaixoak, eta nahasketa ez da mesedegarria. Dena dela, autobusak ere leku arriskutsuak izan daitezke, posible baita gripea duen eta lanera joateko pilula hartu duen jendearen ondoan esertzea; gainera, bidaiak luzeak izaten dira. Seme-alabei esana diet orain maskara jartzeko autobusera sartzen direnean. 

Noiz erabili behar litzateke?

Arnasaren bidez transmititzen diren gaixotasunen goieneko aldietan. Pandemia garaian oso kontzientziatuta geunden, eta, ordutik denbora asko pasatu ez bada ere, memoria laburra dugu. Maskara erabiltzen ikasi genuen, eta, orain, ez litzateke ideia txarra urtero, negu sasoian, maskara erabiltzea. Gabonak pasatu eta gero, adibidez, denoi komeniko litzaiguke erabiltzea, transmisiorik izan ez dadin behintzat. Pentsaerak hau izan behar du: ez ditut besteak kutsatu nahi, baina, batez ere, ez dut neure burua kutsatu nahi. 

Zer egin dezake norberak?

Testa egitea modu oso azkarra eta fidagarria da gripea daukagun jakiteko. Behin gaixo gaudela jakitean, maskara jarri beharko genuke; maskara jartzeko esfortzua ez da hainbestekoa. Bada jendea gripea hartzen duenean gaixo agiri bila maskararik gabe joaten dena; hori arriskutsua da. Edota pentsatzea sukarra dugunean pilula hartu eta hobeto sentitzen garelako jada ez dugula transmititzen gaixotasuna: kutsatzen jarraitzen dugu. Bestalde, ez da gomendagarria haurrak eskolara eramatea sukarra dutenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.