Espainiako Osasun Ministerioak aurkitu die irtenbidea maskararen derrigortasunaren aferan erkidegoekin dituen tirabirei: kritikei muzin eginda behartuko du maskara erabiltzera osasun etxeetan eta ospitaleetan. Asteleheneko Espainiako Osasun Sistemaren Lurralde Arteko Batzordean kontrako iritziak jaso eta gero, gaur arteko epea eman zien erkidegoei ministerioaren proposamenari ekarpenak egiteko. Erabakia hartua zuen, ordea. EFE eta Europa Press albiste agentziei aurreratu dienaren arabera, eguerditik aurrera ezarri du neurri hori.
Eusko Jaurlaritza ez dago ados, ordea, eta helegitea jarriko du, ohar baten bidez iragarri duenez. Zergatik helegitea? Iruditzen zaie Espainiako Gobernuak ez duela arrazoitu neurriaren «premia larria», bi norabidetan. Batetik, egoera osasun publikorako «arrisku edo alarma berezikoa» izatea. Bestetik, neurria «benetan eraginkorra» izatea. Gainera, nabarmendu dute Lurralde Arteko Batzordeak ez duela aldez aurreko akordiorik lortu, eta ez dietela entzun autonomia erkidegoetako ordezkariei: «Eusko Jaurlaritzaren ustez, [Espainiako Gobernuko] Osasun Ministerioa erabat ezohiko lege baliabidea erabiltzen ari da, bere arau propioak bete gabe, autonomia erkidegoen gehiengoari haren borondatea inposatzeko, erkidego horien irizpide teknikoaren aurka eta osasun publikoaren arloan hauek dituzten eskumenak urratuz». Halere, ziurtatu dute neurria betearaziko dutela indarrean dagoen bitartean.
Osasun Ministerioak goizean adierazi du gutun bidezko ohartarazpena bidali dietela erkidegoei, baina Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gezurtatu egin du bertsio hori ohar bidez: ez dute «ohar bidezko agindurik» jaso maskararen erabilera derrigortzeko. Horren ordez, neurri hori «akordio» bidez ezarri dela dioen gutuna jaso dute. Espainiako Osasun Sistemaren Lurralde Arteko Batzordearen batzarrik ez dela egon ere adierazi du Osasun Sailak, ezta akordiorik ere.
Hala ere, arratsaldean enegarrenez aldatu du jarrera Osasun Ministerioak. Malgutu egin du hasieran inposizioa zirudiena, eta, hala, bi astez arnas gaixotasunen intzidentzia metatua gutxitu den erkidegoetan, aukera izango dute maskara nahitaez erabiltzeko betebeharra kentzeko. Hori bai, Monica Garcia Espainiako Osasun ministroak ez du azaldu noiztik aurrerako datuak hartuko dituzten aintzat beharrezkotasuna aholku bihurtzeko.
Egoera ezberdina da Hegoaldeko lurraldeetan. Osakidetzan beheranzko joera zuen epidemiak abenduan, baina urteko lehen astean gora egin du intzidentziak.. Abenduaren 1etik 17rako astean, 602,8koa zen intzidentzia metatua; hurrengo astean, 578,2koa zen, eta urteko azken astean, berriz, 555,1ekoa. Urteko lehen astean, baina, 637,2ra egin du gora.
Nafarroan zailagoa da kontua: abenduaren 18tik 24rako astean 1.038koa zen intzidentzia, hurrengoan 1.082koa, eta, urteko lehen astean, berriz, 1.234koa; azaro amaieratik, gora egiten ari da etengabe.
Osasun Ministerioak azkenean agendatik kendu du langileek gaixoaldi baimena beren kabuz hartzeari bide emateko asmoa ere.
Neurriei kritikak
Espainiako autonomia erkidego asko eta Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua neurriaren aurka agertu dira azken egunotan —maskararen erabilera gomendatu egiten dute—, baina, hala ere, bere asmoari eutsi dio Monica Garcia Osasun ministroak.
Aipatutako albiste agentziek argitaratu dutenaren arabera, neurria ez da Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean agertuko: Espainiako Osasun Sistemaren Kalitaterako eta Kohesiorako Legearen 65. artikulua aplikatuko dute. Artikulu horrek ekintza koordinatuak egitea ahalbidetzen dio Osasun Ministerioari estatu guztian.
Hortaz, eguerditik aurrera maskara erabiltzen ari dira Hego Euskal Herriko osasun etxeetan eta ospitaleetan; ez, ordea, farmazietan eta osasunarekin zerikusia duten bestelako zentroetan. Bizkaiko Medikuen Elkargoak ohar bidez adierazi du Espainiako Osasun Ministerioaren neurriarekin ados dagoela, «beharrezkoa» dela uste baitu arnas aparatuko gaixotasunak dituzten pertsona asko elkartzen diren guneetan.
Osakidetzako Osasun Publikorako Programen buruak, Enrique Peirok, Eusko Jaurlaritzaren iritzi beretsua du maskaren aferan. Herri Irratian egin dioten elkarrizketan esan du ez dagoela arrazoi epidemiologikorik maskara janzteko beharrezkotasuna ezartzeko, eta gehitu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «normaltasun» egoera dagoela.