«Konfiantza eman nahi diegu familiei, hezkuntzaren alorrean zalantza giroa nagusi den garai honetan». Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak «zalantzarako» motibo ugari zerrendatu zituen atzo Donostian egin zuen agerraldian: eleaniztasunaren trataeraren inguruko eztabaidak, hizkuntza ereduen gainekoak eta euskal curriculumarekin, ikasmaterialarekin eta konpetentzietan oinarritutako hezkuntzarekin lotutako auziak hartu zituen hizpide. Hori guztia dela eta, haurrak hezteko hauturik egokiena ikastolen «erantzun propioa» dela nabarmendu zuen: «Urte luzeetan erakutsitako gaitasuna eta bikaintasun kontrastatua eskaintzen dute». Ondoan, Seaskako zuzendari Hur Gorostiaga eta Nafarroako ikastola taldearen zuzendari Pello Mariñelarena izan zituen. Aurrematrikulazioko publizitate kanpaina aurkezteko elkartu ziren.
Konfiantzan, ikastola izango da kanpainaren lelo nagusia. Ikastola aldizkariaren monografiko bat argitaratu dute ikastolen eskaintzarekin lotutako hainbat gai lantzeko, eta hiru pertsona ezagunen sostengua izan dute erreportaje horietan: Pedro Miguel Etxenike zientzialaria, Kontxu Odriozola aktorea eta Kirmen Uribe idazlea. «Hautatu ditugu konfiantza soslaia helarazten dutelako euskal gizartearentzat».
Ikastolek, hala ere, tokian tokiko administrazio gunera egokitutako euskarri eta mezuak ere plazaratuko dituzte. Seaskak Osez l'Ikastola (Ausar zaite ikastolan) leloa hautatu du frantsesez, etaIkastola, bistan dena euskaraz. Publizitate kanpaina kartelen bidez ari dira egiten batez ere. Iparraldeko ikastoletan egun 2.700 ikasle ari direla gogoratu zuen atzo Hur Gorostiagak, hezkuntza sare osoko ikasleen %10. Eta etengabe doa gora Seaskako neska-mutilen kopurua. «Gure inguruko beste hezkuntza sareetan matrikulazioak behera egiten aridira, eta gu gora goaz».
Zure seme-alaben etorkizuna gaur hasten da leloa hautatu dute Nafarroan kanpainarako. Nafarroako ikastoletako ikasle ohiak dira kanpainaren ardatza; ikasketetan aurrera egin eta bizitza profesional arrakastatsua izan duten gizon-emakumeak dira. 6.322 ikasle ari dira gaur egun Nafarroako ikastoletan. Hezkuntza sareko ikasle kopuruaren %10 dira foru erkidegoan ere ikastoletako ikasleak.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan urtarrilaren 31n hasiko da aurrematrikulazioa, eta otsailaren 11n bukatuko.Egun, 40.400 ikasle ari dira herrialde horietako ikastoletan. Nafarroan, berriz, otsailaren 7an hasi eta astebeteiraungo du. Ipar Euskal Herrian urte osoan aurrematrikula daitezke eskola umeak, baina urtero apiril aldera kanpaina bat egiten dute ikastolen jardunaren berri emateko.
Aurrematrikulazio kanpainarekin batera, Ikastolen Elkarteak bere nortasunaren marka aldatu du, eta egungo estetikara egokitu. Elkartearen orain arteko irudiari itxura berri bat eman diote, baina lehengo irudiaren espiritua bere horretan utzita. «Aldaketa ikuspegi estetiko batetik egin dugu», nabarmendu zuen Tellituk.
Hazteko zailtasunak
Ikastolen Elkarteko presidente Koldo Tellituk atzoko agerraldia baliatu zuen ikastolek hazteko dituzten zailtasunak agerian uzteko. Ikastolen matrikulazio kopurua %12an dago, eta aurrematrikulazioa, azken hiru urteetan, %13-%14an. Gora doa, beraz, ikasle kopurua, eta aurten ere erritmoari eutsiko diotela uste dute. Nolanahi ere, ikasle berriak onartzeko aukera «goia jota» dagoela azaldu zuen, eta «atsekabez» guraso askori hainbat zentrotan ateak itxi behar izaten dizkietela. Gela gehiago itundu eta instalazioak hobetu edo eraiki beharra daukatela erantsi zuen, eta horretarako diru publiko gehiago behar dutela. Egun jasotzen dutena baino gehiago. «Familien hautatzeko eskubidea urratu egiten du administrazioak».
Jaurlaritzari dagokionez, harremanak «zuzenak» direla adierazi zuen, eta finantzaketa publikoarekin duten arazoa ez dela legealdi honetan hasi. «Aspalditik dator». Erakunde publikoekin duten harreman guztietan argi uzten dute, hala ere, ikastolen aldarria. «Finantzaketa publikoa hobetu egin behar da».
Hezkuntza alorreko «zalantza giroa» uxatzeko hautua direla diote ikastolek
Aurrematrikulazio kanpaina aurkeztu dute, eta hazten segitzeko finantzaketa publikoa behar dutela adierazi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu