HEZKUNTZA

Hezkuntza arloan 1.707 postuko lan eskaintza egingo dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak

Jaurlaritzak Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako 1.148 lanpostu eskainiko ditu 2020an. Nafarroako Gobernuak ere unibertsitatez kanpoko hezkuntzako 559 plazako lan eskaintza publikoa onartu du.

Eusko Jaurlaritzaren DBHrako lan eskaintza publikoaren azterketak, iazko ekainean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
jon olano
2019ko azaroaren 27a
14:06
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Lan Eskaintza Publiko bat egingo du datorren urtean; zehazki, Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegorako eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoan deituko diren 1.148 postu izango dira. Saileko arduradunak sindikatuetako ordezkariekin batzartu dira gaur eguerdian, eta bertan jakinarazi diete deialdia.

Bileran, Hezkuntza Sailak lan eskaintza publikoko espezialitateen inguruko proposamena eta horietako bakoitzeko plaza kopurua ere helarazi dizkie sindikatuei. 1.021 lanpostu Bigarren Hezkuntzako irakasleentzako izango dira, eta 127, Lanbide Heziketakoentzat. Matematikan (147), Geografia eta Historian (116) eta gaztelanian (115) eskainiko dituzte lanpostu gehien. Euskaran 55 postu aterako ditu Jaurlaritzak, fisikan eta kimikan, 81, eta filosofian, 45.

Hezkuntza Sailak 2020. urte hasieran egingo du deialdia, eta bertan zehaztuko dira izena emateko epeak, proben egun eta ezaugarriak, programazio didaktikoa aurkezteko egunak, eta Hezkuntzako EPE honetarako garrantzizko gainerako informazio guztia.

Jaurlaritzak nabarmendu duenez, Hezkuntza Sailak legealdi honetarako harturiko bi konpromisoak bete ditu: batetik, urtero LEP batera deitzekoa, eta bestetik, legealdian gutxienez 5.000 plaza eskaintzekoa (5.294 postu izango dira agintaldia amaitzerako). Jaurlaritzak erantsi du deialdiak "lan egonkortasun handiagoa" emango diela irakasleei eta indarrean den araudiak baimentzen dituen plaza guztiak eskaini dituela Hezkuntza Sailak deialdi honetan: "Aurrekoetan legez, segurtasun eta berme juridikoa lehenesten dira eskaintza berrian ere, hori prestatzeko ahalegina egiten duten irakasleen lana baloratzeko asmoz, haien itxaropen eta ilusioak babestearekin batera. Hezkuntza- administrazioaren nahia da bitartekotasun tasa jaisten jarraitzea legealdi honetan zehar".

Nafarroan, 559 postuko eskaintza

Nafarroako Gobernuak ere bi foru dekretu onartu ditu gaur, 559 plazako lan eskaintza publiko bat argitaratzeko. Horietatik 337 unibertsitatez kanpoko irakasleei dagozkie, eta 169, berriz, Administrazio Guneari. Gainera, 53 plaza erreserbatzeko txanda dago, 46 desgaitasuna duten pertsonentzat (34 Hezkuntzan eta 12 Gune Administrazioan) eta beste 7 plaza genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat (guztiak Gune Administrazioan).

Bigarren Hezkuntzako irakasleei dagokienez, honako hauek izango dira lanpostu kopuruak: Alemaneko 4, Biologia eta Geologiako 15 (gaztelera), Biologia eta Geologiako 9 (euskara), Filosofiako 4 (gaztelera), Filosofiako 2 (euskara), Fisika eta Kimikako 23 (gaztelera), Fisika eta Kimikako 15 (euskara), Frantseseko 10 (gaztelera), Frantseseko 7 (euskara), Geografia eta Historiako 24 (gaztelera), Geografia eta Historiako 22 (euskara), Ingeleseko 4 (euskara), Latineko 5 (gaztelera), Matematiketako 5 (euskara), Musikako 4 (euskara), eta Nekazaritzako Ekoizpen-prozesuetako 2 (gaztelera).

-Maisu-maistrak: Haur Hezkuntzako 17 (gaztelera), Haur Hezkuntzako 15 (euskara), Lehen Hezkuntzako 92 (gaztelera), Lehen Hezkuntzako 53 (euskara), Atzerriko Hizkuntzako –ingelesa– 5 (euskara).

Administrazioko 169 lanpostuak, berriz, horrela banatu dituzte: Enpresa Zientzietan diplomatutakoak, 33; Lehen mailako Ofizialak, 20; Mantenu-lanetako Ofizialak, 19; Ogasuneko Kudeatzaile eta Ikertzaile Laguntzaileak, 17; Liburutegiko Arduradunak, 16;  Herri Administrazioko Teknikariak, 13 (arlo juridikoa); Nafarroako Foruzaingoa, 12; Zerbitzu Orokorrak, 11; Ogasuneko Teknikariak, 8; Arkitektoak, 7; Su-hiltzaileak, 7; Aholkulari Juridikoak, 3; eta Telekomunikazioetako Ingeniariak, beste 3.

Gainera, 13 lanpostuko erreserbako txanda dago; horietatik 46 ezgaitasuna duten pertsonentzako dira (34 Hezkuntzan eta 12 Administrazio Erroan), eta beste zazpi lanpostuak genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako (guztiak Administrazio Erroan, Zerbitzu Orokorretarako).

Honela banatu dituzte ezgaitasuna duten pertsonentzako 46 lanpostuak: Hezkuntzan: Bigarren Hezkuntzako 18 irakasle lanpostu, espezialitate hauetan: Biologia eta Geologia (2 gazteleraz eta 1 euskaraz), bat Filosofian (gaztelera), Fisika eta Kimika (3 gazteleraz eta 2 euskaraz), Frantsesa (1 gazteleraz eta 1 euskaraz), Latineko bat (gaztelera), eta Geografia eta Historia (3 gazteleraz eta 1 euskaraz). Gainera, 16 Maisu-maistra lanpostu: Haur Hezkuntza (2 gazteleraz eta 2 euskaraz), Lehen Hezkuntza (6 gazteleraz eta 5 euskaraz), eta Atzerriko Hizkuntzako –ingelesa– 1 (euskara).

Administrazio Erroan: 12 lanpostu guztira, espezialitate hauetan: Ogasuneko Kudeatzaile eta Ikertzaile Laguntzaile 1; Ogasuneko Teknikari 1; 3 Liburutegiko Arduradun lanpostu; Mantenu-lanetako Ofizial eta Lehen Mailako Ofizial lanpostuak, 2; Herri Administrazioko Teknikari 1 (arlo juridikoa); Zerbitzu Orokorretako 1; Arkitekto1; eta Enpresa Zientzietan diplomatutako 2.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.