HEZKUNTZA. Legea, paperetik ikasgelara

2009-2010eko ikasturtea izango da azkena LOE legeak ezarritakoa martxan jartzeko unibertsitatez kanpoko ikastetxe guztietan

Garikoitz Goikoetxea.
2009ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Iritsi da legean adierazitako dena betetzeko garaia. LOE Espainiako Hezkuntzako Lege Organikoa eta hura garatzeko Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako dekretuak martxan jartzeko azken ikasturtea da hasi berri dena. Aurtendik hasita, hortaz, martxan izango dira LOEk ezarritako aldaketa guztiak.

2007ko apirilean onartu zuen LOE Espainiako Kongresuak. Harrabots handia sortu zuen lege berriak, batez ere Espainiako Elizako eta PPko agintarien artean. Legearen arabera, Espainiako Gobernuari dagokio edukien %55 zehaztea; gainerakoa, berriz, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.

Legeak ezarritako aldaketa nabarmenak tarteko, hiru ikasturteko epea eman zuten hura eskoletan ezartzeko. Aplikazio egutegiari jarraiki, aurten amaituko da legea erabat betetzeko garaia. LH Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloa, Batxilergoko 2. maila eta unibertsitaterako hautaprobak egokitu beharko dituzte aurten.

Azken urteetan aldaketa handiak izan dira hezkuntza sisteman, unibertsitatean eta handik kanpora. Hona hemen, LOEk ezarritako guztia martxan jarrita, nola geratu den Hego Euskal Herriko hezkuntza sistema, unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan.

Haur Hezkuntza

Heziketa helburu, hasieratik

Haur jaioberrietatik hasi eta 6 urte egin bitarteko aldia da HH Haur Hezkuntza. Gurasoek aukeran dute haurrak aldi horretan ikastetxera bidaltzea. Borondatezkoa izanagatik ere, LOEk dio haurrak hasieratik hezi behar direla: «Hezteko helburuak zuzendu behar ditu eskolako momentu, jarduera eta egoera guztiak». Legeak helburutzat ditu haurrek autonomia lortzea, ingurua ezagutzea eta hizkuntzaren bidez komunikatzea -baita ingelesean hastea ere-.

Lehen sei urteetako eskola aldia bi ziklotan banatzen du LOEk: 0-3 urte artekoa, eta 3-6koa. Erakundeak behartuta daude bigarren zikloa doan eskaintzera. Lehen zikloak harrabotsa sortu izan du Nafarroan. EILASek, LABek eta Sortzen-Ikasbatuaz-ek salatu zuten Sanzen gobernuaren dekretuak ez duela bermatzen 0-3 zikloaren izaera hezitzailea, ludotekak eta gisa horretakoak ere aintzat hartzen dituelako. Hartara, eskatu dute haur eskola sare bakarra eratzeko Nafarroan.

Izaera hezitzaileaz gain, gurasoei lana eta haurren zaintza bateragarri egitea du helburu Haur Hezkuntzak. Umeak zortzi orduz eduki ditzakete ikastetxean. Egiten dutena ebaluatu bai, baina ezin izango da mailarik errepikarazi, kasu berezietan izan ezik.

Lehen Hezkuntza

Proba eta irakasgai berriak

Oinarrizko hezkuntzari ekiten diote ikasleek 6 urterekin. Hortaz, LH Lehen Hezkuntza derrigorrean egin behar dute. Erakundeek doan eskaini behar dute. Ikasleek irakasgai jakinak dituzte, eta helburuak ere zehaztuago. Sei ikasturte ditu LHk, bina urteko hiru ziklotan banatuak. Ordu kopuruari erreparatuta, Gaztelaniak, Euskarak, Ingurunearen Ezagutzak eta Matematikak dute garrantzi handiena. Ez zaie hainbestekoa ematen Herritartasunari, Gorputz Heziketari eta Arteei.

Ikasleen ebaluazioari begira, aldaketa nabarmenak ekarri ditu LOEk. Ohiko azterketez gain, LHko 4. mailan diagnostiko proba egin beharko dute ikasle guzti-guztiek. Haien maila nolakoa den neurtzeaz gain, hezkuntza sistemaren akatsak zuzendu nahi dituzte hartara. Iragan urtean hasi ziren proba horiek egiten. Ez dute balio ikasleak mailaz pasatu behar duen erabakitzeko; hori ohiko ebaluazioaren bidez egingo dute. LHn behin bakarrik errepikatu ahal izango da mailaren bat, salbuespenak salbuespen, eta indartze neurri bereziak jarri behar zaizkie errepikatzaileei.

Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloan emango dute Herritartasunerako eta Giza Eskubideetarako Hezkuntza irakasgaia-6. mailan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 5. edo 6. mailan Nafarroan-. LOEren berritasuna da; harrabots handia eragin zuen bere garaian, eta oraindik ere ez da baretu. Hain zuzen, azken zikloa egokitzeko epea zen luzeena, ikasturte honetara artekoa.

Erlijioari dagokionez, LOEk ezarritakoaren arabera, ikastetxeak behartuta daude LHn hura eskaintzera, eta gurasoek aukeratu behar dute haien seme-alabek ikasiko duten edo ez.

Bigarren Hezkuntza (DBH)

Bidea erabakitzen hasteko

Aurreko ikasturte guztiak behar bezala gainditu dituzten ikasleak 12 urterekin sartuko dira oinarrizko hezkuntzaren azken atalera: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH). Behin 16 urte eginda, ikasleak ez daude derrigortuta eskolara joatera. DBH gainditzen dutenek eskuratuko dute lehenengo titulua: graduatua.

Titulua lortzeko ez da ezinbestekoa irakasgai guzti-guztiak gainditzea. Bat edo bi utz daitezke gainditu gabe, eta titulua lortu-salbuespen gisa, hiru ere bai, baldin eta irakasleek ontzat jotzen badute-. Irakasgai gehiago gainditu gabe dituztenek maila osoa egin beharko dute berriro, baita gainditutako irakasgaiak ere. Bi maila errepika daitezke gehienez ere. Errepikatu eta titulua lortu ezin dutenak Lanbide Hastapeneko Programetan has daitezke, 16 urte eginak badituzte.

Behin oinarrizko hezkuntza gainditu eta titulua lortzean, ikasleak aukeratu beharko du nondik nora bideratu nahi dituen ikasketak. Hiru aukera ditu: LH Lanbide Heziketa -erdi mailako moduluren bat-, Batxilergoa edo besterik gabe lanean hasi-16 urte eginak izango dituelako, eta tituluak bide ematen duelako lanpostu batzuetan hasteko-.

Izatez, DBH amaitu baino lehen hasi behar dute ikasleek aukeratzen, 4. mailan; han hautatzen dutenaren arabera egingo baitute ondoren Batxilergo bat edo beste, eta horrek emango baitie aukera unibertsitatean ikasketa bat edo beste egiteko. Hortaz, 15 urterekin hasi behar dute ikasleek nondik nora jo pentsatzen.

LHn bezala, diagnosi proba egingo dute DBHn ere, 2. mailan. Herritartasunerako eta Giza Eskubideetarako Hezkuntza lehen hiru mailatakoren batean emango da. Azken urtean, Etika eta gizabide hezkuntza irakasgaia izango dute. Erlijioa aukerakoa da.

Batxilergoa

Errazagoa, ustez

Batxilergoan sortu zituen aldaketa handienak LOEk. Lau Batxilergo adar ziren lehen, hiru orain: Giza eta Gizarte Zientziak, Zientzia eta Teknologia, eta Arteak. Bi ikasturte ditu Batxilergoak, eta inor ez dago behartuta hura egitera. Ikasgai batzuk berdin ematen dituzte adar denetan, eta beste batzuk adarrari dagozkionak dira.

Adarrak aldatu, eta irakasgaiak ere bai. Mundu garaikiderako zientziak irakasgaia emango dute adar guztietan -hartara, letretako ikasleek zientzietako irakasgai bat izango dute-. 1. mailako Filosofiairakasgaia aldatu du LOEk, eta Filosofia eta Herritartasuna izango da aurrerantzean. Alegia, LHko Herritartasunerako eta Giza Eskubideetarako Hezkuntzaren gisakoa.

Irakasgaiek ere bai, baina ebaluazioak sortu du Batxilergoan eztabaida handiena. Espainiako Gobernuak arautu zuen 1. mailako lau irakasgai gainditu gabekoak matrikulatu zitezkeela 2. mailako irakasgai batzuetan. Ordea, Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota zuen hori, LOEren beraren aurkakoa zelakoan.

Orain, hiru aukera dituzte kasu horretan dauden ikasleek: maila osoa berriz egin gainditutako irakasgaien kalifikazioa gorde gabe; maila osoa egin berriro, gainditutakoen kalifikazioak gordeta, eta gero altuena erabili batez bestekoa egiteko; edo gainditu gabekoak soilik egin berriro, ikastetxeak aholkatutako beste batzuekin batera. Batxilergoko maila osoa errepikatzea saihesteko erabakiak aurkakoak izan ditu, Nafarroako Gobernua, esaterako.

Lanbide heziketa

Helburu argia

DBH edo Batxilergoa amaituta, ikasleek LH Lanbide Heziketan sartzeko aukera dute. Haren bidez, lanbide jakin batean aritzeko hezkuntza lortuko dute. DBHko tituluarekin, erdi mailako prestakuntza zikloetara sar daitezke; Batxilergoko tituluarekin, berriz, goi mailakoetara.

Hala ere, LOEk ezartzen ditu beste bide batzuk zikloetara sartzeko. 17 urte baino gehiago izan eta proba bat gaindituta sar daiteke erdi mailakoetara; berdin goi mailakoetara, ikasleak 19 urtez goiti baditu. Salbuespen gisa 16 urtekoak sar daitezke Lanbide Heziketan, Lanbide Hastapeneko Programetan, ezinezko bazaie graduatua lortzea.

Goi Mailako LHtik unibertsitatera joan daiteke, proba bat eginda. Orain arteko gehienezko lekuak ezabatu egin ditu LOEk.



Herritartasunari gutxieneko orduak, erlijioari bat gehiago

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eskumena dute curriculumaren %45 erabakitzeko. Hura baliatuta, Espainiako Gobernuak aurreikusitakoa baino ordubete gehiago eman diote eskoletan Erlijioa irakasgaiari. DBHko lau mailetan, esaterako, guztira bost ordu erlijio jarri zituen gutxienekotzat Espainiako Gobernuak; Nafarroako Gobernuak eta Jaurlaritzak seira igo dute gutxienekoa. Kontuan izatekoa da irakasgai horretako kalifikazioek ez dutela baliorik batez bestekoa egiteko. Erlijioari bai, baina gutxieneko orduak ez dizkiote gehitu Herritartasunerako eta Giza Eskubideetarako Hezkuntza irakasgaiari. DBHn, adibidez, maila batean soilik emango dute, astean ordubete.



14

Greba egiteko gutxieneko adina. DBHko 3. mailatik aurrera, 14 urterekin, dute ikasleek greba eskubidea, LOEren arabera: «DBHko 3. mailatik aurrera ikasleek eskolara ez joateko hartzen dituzten erabakiak ez dira hutsegite izango, bilera eskubidearen ondorio badira».



LOE garatzeko Jaurlaritzaren bi dekretu auzitegietan daude

Eusko Jaurlaritzak LOE garatzeko egindako bi dekreturen zenbait artikulu bertan behera utziak ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Haur Hezkuntzako eta Batxilergoko curriculuma zehazten duten dekretuak dira, eta baliogabetutako artikuluak euskara mailari buruzkoak. Oraingo Jaurlaritzak onartu du neurria.



468

NUPen selektibitatea hasi dutenak. Unibertsitaterako hautaprobei ekin zieten atzo 468 ikaslek NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan, bigarren deialdian. Bihar amaituko dute. Aurrerantzean, irailean ez da gehiago izango bigarren deialdia, uztailean baizik.



Selektibitateak bi fase izango ditu aurtengo ikasturtetik

LOEren aldaketak martxan jarriko dituzte unibertsitatean sartzeko hautaprobetan ere, datorren ekainean. Aurrerantzean, bi zati izango ditu selektibitateak: orokorra eta berariazkoa. Lehena unibertsitatera joan nahi duten ikasle guztiek egin beharko dute, eta bost proba izango ditu: Euskara, Gaztelania, Atzerriko Hizkuntza, Filosofia edo Historia-aukeran-, eta Batxilergoko adarrari dagokion irakasgai bat. Bigarren fasea nahi dutenek soilik egingo dute, eta kalifikazioa igotzeko balioko du. Bestalde, Ingeleseko azterketan ahozko proba jartzeko asmotan dira. Selektibitateko azterketak zehazten du unibertsitatera sartzeko kalifikazioaren %40; gainerakoa, Batxilergoko batez bestekoak.



Darcosen aldaketekin segitu nahi du Hezkuntza ministroak

Frantziako Hezkuntza ministro Luc Chatelek berretsi du Xavier Darcos ministro ohiak hasitako erreformarekin jarraitzeko asmoa duela. Frantziako Gobernuak 90.000 irakasle lanpostu murriztea espero du aldaketarekin. Ikasleen eta sindikatuen protesta biziak tarteko, erreforma atzeratu zuen Darcos ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.