Gaur aurkeztu du Tontxu Campos Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuak curriculum berriari buruzko dekretua eta datorren ikasturtean bertan jarri nahi du abian, modu progresiboan. Orain hezkuntzako eragileen proposamenak jasoko dituzte, eta ondoren egingo dute behin betiko idatzia, Camposek esan duenez. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 250.000 ikaslerengan izango du eragina.
Dekretu berrian “benetako elebitasunaren aldeko apustua” egingo dutela adierazi du Hezkuntza sailburuak. Hizkuntza ereduei buruzko zehaztapenik ez du eman -hizkuntza eredu berriez eztabaida zabalik dute Eusko Legebiltzarrean-, baina Camposek gaur berriro adierazi du ikasleek derrigorrezko hezkuntzaren bukaeran euskararen B2 maila izan beharko dutela; hau da, euskaraz komunikatzeko moduko maila izan beharko dutela.
Dekretuak euskara hizkuntza “nagusi” bezala hartu behar dela dio, eta euskara ikasi nahi ez duen ikaslearentzat neurriak gogortu egin ditu.
Ikasgaiei buruz, Matematikak eta Zientzietara ordu gehiago bideratu nahi dituzte.
Camposek gaur esan duenez, “gai diren ikasleak” nahi dituzte azken batean, "eurak garatzeko gauza direnak, elkarbizitzeko gauza direnak, kritikarako gaitasuna dutenak, sortzaile direnak". Ez dituzte nahi "teoria" soilik dominatzen duten ikasleak.
Ikastetxeek orain arteko gutxieneko ikastorduak bete beharko dituzte baina, dekretu berria onartzen bada, ikastetxe bakoitzak nahierara antolatu ahal izango du astea ordutegi aldetik. Hor ere, hizkuntza ereduen arloan bezala, autonomia izango dute.
Hezkuntza
Hezkuntza Sailak datorren ikasturtean jarri nahi du abian curriculum berria
Gaur aurkeztu du plana Tontxu Campos Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuak, eta eragileen proposamenak jasotzen hasiko dira orain. “Benetako elebitasunaren aldeko apustua” egingo dutela esan du. "Gai diren ikasleak" nahi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu